50 bizikleta elektriko jarriko ditu alokairuan Gasteizek, udatik aurrera

Erredakzioa 2024ko urr. 28a, 15:13

2012an bertan behera geratu zen bizikletak alokatzeko zerbitzua Gasteizen. Argazkia: ALEA

Lau estaziotan paratuko dituzte kargatzeko guneak: Antso Jakituna, Leizaola plaza, Iparralde gizarte etxean eta autobus geltokian.

Duela 12 urte bertan behera geratu zen zerbitzua berreskuratuko du Gasteizek, eta 2025eko udan abiatuko da bizikleta elektrikoak alokairuan hartzeko zerbitzua. Gutxienez, 50 unitate izango dira, eta lau estaziotan paratuko dituzte kargatzeko guneak: Antso Jakitunaren kalean, Leizaola plazan, Iparralde gizarte etxean eta autobus geltokian.

Proiektua EH Bilduk PSE-EAJ gobernu-taldearekin mugikortasun jasangarria bultzatzeko adostu zuen aurrekontu-akordioari esker eraman dute aurrera, eta 450.000 euroko diru saila izango du; aurrekontu negoziaziotik datorren 300.000 euro eta Next-Generation Europako funtsetatik datozen 150.000 euro.

50 unitaterekin hasiko bada ere, aldizkako ebaluazioak egingo dituzte birkarga puntuen eta ibilgailuen eragina, eskaria eta etorkizunean egin daitezkeen zabalkuntzak aztertzeko. Enpresa esleipendunak tarifen tipologiak ezarriko ditu eta horiek ezartzeko beharrezkoa den sistema informatiko eta teknologikoa garatuko du. Sistema arinduko duen aldaketa berrietako bat, hain zuzen ere, bizikletak erretiratzeko zein entregatzeko app bat erabiltzea izango da. Hala, honako hauek egiteko aukera emango die aplikazioak: abonu mota aukeratu, bizikleta elektriko bakoitzaren egoera ezagutu eta geltokiak geolokalizatu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago