Urtea amaitu aurretik zabaldu asmo dute IAKren taberna

Juanma Gallego 2024ko urr. 28a, 11:16

35 pertsonarentzako edukiera izango du ostalaritza espazioak. Argazkia: IAK

Asier Gereta gasteiztarrak kudeatuko du Izaskun Arrue Kulturguneko ostalaritza eremua. Zapatari kaletik sarbide zuzena izango du, barruan kultur ekitaldiak ez daudenean.

"Ahal dela", Lazarraga elkarteak urtea amaitu aurretik ireki nahi du Izaskun Arrue Kulturgunearen ostalaritza eremua, eta dagoeneko badu horretaz arduratuko den pertsona: Asier Gereta gasteiztarraren esku egongo da, hain zuzen, ostalaritza eremua kudeatzeko ardura, elkarteak gaur ezagutzera eman duenez. 

Geretak lizitazio lehiaketan eskatutako baldintzak betetzen dituela iragarri du Lazarragak, bai eta zerbitzua euskaraz emango duela bermatzen duela ere, "Izaskun Arrue Kulturgunearen proiektuaren irizpideekin lerrokatuta". Hain zuzen, ostalaritza zerbitzuaren helburu nagusietako bat "proiektu osoaren dinamikan egoki txertatzea" izango dela iragarri du elkarteak.

Asier Gereta jatetxe arloko zerbitzuen zuzendaritza eta sukaldaritza eta gastronomia zuzendaritza ikasketak ditu. Besteak beste, jangeletan eta sukaldari gisa aritu da Gasteizko eta Arabako zenbait ostatutan, baita Europako hotel ezberdinetan ere. Uda honetan Guardiako igerilekuetako taberna kudeatu duela jarri dute adibidetzat.

Irailaren erdialdean lizitazioa abiatu zenetik, hiru asteko epea izan dute interesdunek eskaintzak egiteko. Denbora tarte horretan lau lagunek interesa agertu eta lokala bisitatu duten arren, azkenean proposamen bakarra jaso dute lizitazio prozesuan. Zenbait aholkulariren laguntzarekin, Lazarragak proposamena aztertu eta ontzat eman du. Honezkero, dagoeneko lanean hasi dira kudeatzaile berriarekin izapideak bideratzen. Besteak beste, ordutegiak eta eremuak izango duen ekipazioa zehaztu nahi dituzte orain. 760 euroko alokairua adostu dute. 

45 metro koadroko espazioak Zapatari kaletik sarbidea zuzena izango du, baina ate hori itxiko dute barruan jarduera kulturalak daudenean, kulturguneko erabiltzaileentzako utziaz. Orotara, 35 lagunentzako edukiera izango du. Ordutegia guztiz zehaztu gabe badago ere, asteartetik igandera arratsaldez irekita egongo dela aurreratu dute; eta, goizetan, ostegunetik igandera. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago