Tinkuy migratzaileen kolektiboa aurkeztuko dute bihar Gasteizen

Erredakzioa 2024ko urr. 25a, 21:16

Tinkuy kolektiboko kide batzuk, aurkezpenaren bezperan. Argazkia: Tinkuy

Migratutako pertsonen erregularizazioaren alde dabil lanean Tinkuy, atzerritartasun legea aldatzeko eta aukera berdintasuna lortzeko, besteak beste. Larunbatean, 17:00etan, Auzolana pilotalekuan aurkeztuko dute talde berria.

Beren jatorrizko herrietatik migratuta Gasteiza iritsi diren hainbat pertsona elkartu eta Tinkuy kolektiboa sortu dute, migratzaileen eskubideen alde borrokatzeko. Migratzaileen inguruan zabaltzen diren mito eta faltsukeria ugariri buelta eman nahi diete haien jardunarekin, eta zortzi eskaerako manifestua egin dute publiko, haien aldarrikapenekin.

Larunbat honetan aurkeztuko dute kolektiboa, Alde Zaharreko Auzolana pilotalekuan, 17:00etan. Bertan azalduko dute haien jarduna, eta parte hartzeko gonbidapena zabalduko dute. "Migratzea ez da erraza, eta ez da guztiz borondatezkoa izaten". Munduaren ipar-hego banaketa injustua aipatzen dute Tinkuy-ko kideek arazoaren jatorri gisa. Egoera horrek behartzen ditu hainbeste pertsona beren herriak utzi eta migratzera, aukera hobeen bila.

Bestalde, gogorarazi dute, diskurtso arrazistek esaten dutenaren aurka, migratzaileek mesede egiten diotela gizarteari, eta jaso baino gehiago ematen dutela. "Langileak gara, ez gara gaizkileak", adierazi behar izan dute, migrazioa delinkuentziarekin lotzen duten diskurtsoen aurrean.

Pertsona migratzaileek "Aski da!" esatea erabaki dute, aldarrikapen agenda propioa aurkeztuko dute. "Ez ditugu onartzen diruaren jabeen gezurrak, ezta GKE eta alderdi politikoetatik babesten gaituztela diotenen paternalismoa, gure ahotsa izan nahi dute baina gure kabuz hitz egiteko aukerarik eman gabe".

Zortzi aldarrikapen

Pertsona migratu langileen berehalako erregularizazio masiboa eskatzen dute, eta adierazi dute bidegabea dela hiru urtez paperik gabe eta jazarpen poliziala jasaten bizitzera behartzea, "gizartean errotzea" lortzeko. CIE zentroak berehala ixteko ere exijitu dute, "isilpeko kartzelak" direla salatuz, eta migratzeko eskubidea aldarrikatu dute, Giza Eskubideen Adierazpenean jasoa dagoen bezala.

Atzerritartasun legea aldatzeko ere eskatu dute, berdintasun juridikoaren babes konstituzionala urratzen duelako, eta pertsona guztiek eskubide berak dituztela gogorarazi dute. Babes berezia emango diete emakume migratzaileei, eta aitortza egiteko baliatu dute manifestua, zapalkuntza bikoitza jasaten dutela argudiatuta, eta zaintza sistemaren euskarri izateagatik.

Hezkuntza sisteman ere jarri dute arreta, eta lanean dabiltza hezkuntza publikoan eta eztabaida publikoan eduki deskolonizatzaileak txertatzeko. Gizarteari hausnarketa sakona eskatu diote dauzkan oinarri arrazista eta eurozentrikoen inguruan, eta gogoratu dute "ez dagoela kultura hobe ez txarragorik, ezberdinak baizik".

Berdintasuna eskatu dute enplegua eta etxebizitza eskuratzerako orduan. Salatu dute "burokrazia administratiboak eta gizarteko aurreiritziek" eragiten dutela migratzaileek lan okerragoak lortzea, eta etxebizitza duina lortzeko zailtasun handiak izatea. Klima aldaketaren inguruan kontzientzia sortzeko ardura ere hartu dute bere gain, iparraldeko herrialdeen ekoizpen eta kontsumo sistemak sortzen baitu arazoa gehiago, eta hegoaldeko herrialdeek pairatu. "Errefuxiatu klimatikoak" geroz eta ageriago dauden honetan, lehentasuna eman diote egitura politiko eta ekonomikoak eraldatzeari, klima aldaketari aurre egiteko.

Azkenik, gorroto diskurtso guztien aurka borrokatzeko beharra aldarrikatu dute. Diskurtsoa eta etengabeko mobilizazioaren bidez egingo diete aurre diskurtso hauei. "Eskuin mutur faxisten eta beren gezurren aurka" kokatu dira, eta pertsona libreak biziko diren gizarte baten alde egingo dute, justizia eta gizarte berdintasuna lortzeko.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago