Gaueko aisialdiko sexu erasoen aurkako protokoloa ondu du Gasteizek

Juanma Gallego 2024ko urr. 24a, 18:40

Gaueko aisialdiko hainbat lokalek bat egin dute protokoloarekin. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Agiriak oinarrizko bederatzi printzipio ditu, eta, besteak beste, feminismoa sustatzeko "tresna kulturala" izango dela dio udalak.

Gaueko aisialdian sexu erasoei aurre egiteko protokoloa aurkeztu du gaur Gasteizko Udalak. Zehazki, eta udalak zabaldutako definizioaren arabera, protokoloak "gaueko aisialdi pribatuko testuinguruetan sexu edukia duten eraso, jazarpen, diskriminazio eta jokabide deserosoei aurre egiteko" irizpideak biltzen ditu. 

Ana Lopez de Uralde Berdintasun zinegotziak ziurtatu du "hiriko gau sektorearekin elkarlanean hainbat hilabetez lan handia egin ondoren" egin dutela protokoloa. Zehazki, Jimmy Jazz, Comarca, Gasteiz Bi, Carajo eta Glass lokalek "indarkeria matxistaren aurkako urratsa eman eta dokumentuarekin bat" egin dutela azaldu du zinegotziak. Gizartea "eraldatzeko eta aldatzeko tresna" izateaz gain, "justizia feminista eta eraldatzailearen ideiak sustatzeko tresna kulturala" ere izatea nahi dutela dio Lopez de Uraldek.

Agiriak bederatzi puntu dituela azaldu dute. Laburrean, honakoak dira horiek: sexu erasoa jasan duen pertsonak arreta egokia jasotzen duela ziurtatzea eta haren erabakiak errespetatzea, "zigor arloko prozeduran" ez zentratzea, erasoa gaitzestea, erasotuaren intimitatea errespetatzea, erasoa egiteko akusazioa jaso duen pertsonaren errugabetasun presuntzioa errespetatzea, "kasu larrienetan" aktibatzea eta ez arautzea "edozein interakzio", aisialdiko langileei prestakuntza ematea, "gizartea eraldatzeko" tresna izatea, eta legearen edo ekintza polizialen "osagarri" izatea, horiek ordeztu edo baztertu gabe.      

Bestetik, hiru "agertoki" ere jaso ditu: lehenak indarkeria edo "mendetasun kimikoa barne" hartzen dituen sexu eraso larria eta "larderia edo hertsapen psikologiko larrien bidezko sexu erasoak" arautzen ditu. Bigarrenak, sexu jazarpena. Hirugarrenak, "diskriminazioak, jazarpen arinak eta puntualak", bai eta "sexu izaerako ekintza deseroso edo desatseginak ere".

Lehen fase pilotuan parte hartu duten lokaletako ordezkariak hiru orduko ikastaroa jaso dute, eta gainerako langileek beste prestakuntza bat izango dute. Lopez de Uraldek gaueko aisialdiko "lokal guztiak" gonbidatu ditu protokoloarekin bat egin dezaten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago