Eusko Jaurlaritzak lehiaketara atera du Gasteizko Arka eraikina birmoldatzeko proiektuaren idazketa, 750.000 euroko aurrekontuarekin. Obra bi fasetan egitea aurreikusi dute, eta 2026 urte amaierarako erabilgarri egotea.
Gasteizko Arka eraikina 2023 urte amaieran erosi zuen Jaurlaritzak, espazio berean Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, Zuzenean zerbitzua, eta gaur egun hainbat eraikinetan banatuta dauden Jaurlaritzaren lurralde zerbitzu gehienak bateratzeko: Etxebizitza eta Garraioak, Garapen Ekonomikoa, Hezkuntza eta Habe, besteak beste. "Zerbitzuak eremu berean bateratuz, herritarrei erantzun hobea eman nahi zaie, irisgarritasuna hobetu nahi da eta, batez ere, eskainitako arreta hobetu", esan du Eusko Jaurlaritzak.
Obra bi fasetan
Proiektuak bi fase aurreikusi ditu, obra bi zatitan banatu eta gauzatuko baita: beheko solairuan kokatuko dira herritarrei arreta emateko zerbitzu eta guneak, eta gainerako solairuetan administrazio-bulegoak egongo dira. Beraz, lehenengo fasean, beheko solairua birmoldatuko da, Zuzenean, Herritarren Arretarako Zerbitzua eskaintzeko eta bigarren fasean, gainerako solairuen obra egingo da, beheko solairua jada erabilgarri dagoela.
Proiektuaren idazketa amaitu ostean, Eusko Jaurlaritzak eraikina eraberritzeko lanak esleituko ditu. Obra osoaren inbertsio aurreikuspena hamabi milioi eurokoa da, baina aurrekontuak aldaketak izan ditzake, egikaritze proiektuaren arabera.
5.800 metro koadro baino gehiagoko azalera duen eraikin hau Fernando Chueca-Goitia arkitektoak eraiki zuen.