Txapa ahotsa asanbladak kudeatzen du Auzolana pilotalekua. Bertako bi kiderekin egon gara, jaialdiaren bueltan, azken urteko nondik norakoak ezagutzeko. Julen Zaton Lopez de Larrinzar eta Olatz Anda Delikak hartu dute gurekin egoteko tartea.
Zer ospatzen duzue gaur?
Gaur berrinaugurazioa egin dugu, berriro frontoia martxan jarri dugulako. Urte luze bat egon da itxita, eta berriz irekitzen dugula ospatzen gabiltza gaur.
Zer gertatu zen itxi behar izateko?
Joan den urteko uztailean sekulako kazkabarra egon zen Gasteiz aldean, eta gure frontoiko teilatu ia guztia zulatu egin zen, xafla asko apurtu egin ziren, eta nahiko egoera larrian gelditu zen frontoia. Horregatik egon da itxita, eta urte luzea eman dugu konpontzen. Gure kabuz, auzo antolakuntzaz, talde txikietan antolatu ginen eta konpontzen aritu gara. Teilatua eta halakoak nahiko konplexuak dira konpontzeko.
Nolakoa izan da konponketa prozesua?
Ez genien laguntzarik eskatu nahi ez udaletxeari ez instituzioei, eta proposamena hasieratik izan zen auzotik antolatzea konponketa guztiak. Horrek ardura handia dakar, eta zalantza asko, baina poliki poliki aurkitu genuen modua, bai diru aldetik, bai jende eta ezagutza aldetik. Laguntzeko prest zegoen jendea lortu genuen, eta lan saio batzuetan konpondu zen teilatua. Gure arazoekin eta logistika kaxkarrarekin, baina zoriontzekoa da gaur berriz daukagula martxan frontoia, eta oso pozik gaude.
Zaila izango da teilatu bat konpontzea ezta? Bazenekiten egiten?
Ez. Ikasi behar izan dugu. Gaztetxero ohi bat gerturatu zen, gauza hauetan trebea dena. Berak jarri du burua, beste batzuek gorputza eta eskuak jarri dituzte, eta beldur pixkat batekin baina konponbidea eman genion teilatuari. Behin hori konponduta, gure kabuz egin ahal izan ditugu beste kontu batzuk, margotzea, lixatzea... Baina bai, teknikoki zaila izan da, eta hori izan da gehien mugatu gaituena.
Orain jada erabiltzeko prest dago?
Bai, erabiltzen daramagu hiru aste inguru, eta oso ondo. Jendea pozik dago, itokinak kendu ditugu, eta auzoa oso pozik dago berriz espazio hau izanda, hori da garrantzitsuena.
Eta nola etorri daiteke jendea erabiltzera?
Hiru hilabetero asanblada bat egiten da, jendeak orduak hartu ditzan. Nahi duenak eskuragarri dauka ordu hori, edozer gauzatan erabiltzeko, ez bakarrik kirolean aritzeko, baita dantzak eta bestelakoak ere. Erabiltzaileek gauza ezberdin asko egiten dituzte. Giltzak Hala Bedi Tabernan daude, handik pasatzen dira erabiltzaileak giltza bila frontoira joateko. Eskaera bereziak ere jasotzen ditugu, posta bidez, eta gainera hilabetean bitan edo hirutan askotariko ekintzak izaten ditugu pilotalekuan. Mantenu lanak egiteko garbiketa txandak egiten dira erabiltzaileen artean. Hiru hilabetean behin edo birritan egokituko zaizu garbitzea harmailak, aldagelak edo dena delakoa.
Bazkari berezia izan duzue gaurkoa.
Bai. Gaurko eguna partekatu dugu Zaharraz Harroko jaiekin. Haiek eskerrik asko jaia ospatzen dabiltza. Talde laguna dira, auzoan gurekin lan egiten aritzen dira, eta oso aproposa ikusi genuen beraiekin ospatzea, beraien jaialdia eta gurea elkarlanean. Indarra hartzeko, jende gehiago hurbiltzeko, eta azkenean jende dezente bildu gara gaurkoan.