ESK sindikatuak salatu du ESI Arabak "oztopoak" jartzen dituela Legeak adingabeen zaintzagatik ezartzen dituen lanaldi murrizketak ematerako orduan.
Azaldu dutenez, joan den maiatzean, ESI horretako erizain batek adingabea zaintzeko lanaldi murrizketa eskaera bat erregistratu zuen, garaiz, ekainaren amaieran hasteko, zehazki 24an. Zuzendaritzak erantzunik eman ez zuenez, langileak idazki bat egin zuen horri buruzko informazioa eskatzeko ekainaren 28an, ez baitzuen erantzunik jaso eta zegozkion egunak hasi baitziren. "Bada, ESIko zuzendaritza uztailaren 3an erantzutera ausartu zen, eskatutako baimenari 'informazio guztia eskuratu eta beharrezko asistentzia bete ondoren' ebatziko zutela". Sindikatuaren arabera, erantzun horrek "zuzenean ukatzea" dakar, "eskubide hori egikaritzea eragozten baitzaio".
Eta egoerak hobera egin beharrean, okerrera egin duela nabarmendu dute sindikatutik. Izan ere, gaur egun, langile hori kontziliatu ezinik dabil, ez baitzaio izapiderik eman murrizketa eskaerari, eta, beraz, lanaldia %100ean egin behar du. "ESIko zuzendaritzak ez dio irtenbiderik eman, nahiz eta langileak akordioak lortzeko borondatea izan". ESK sindikatuak publikoki salatu du zuzendaritzak langile honekin eta beste batzuekin duen "jarrera oztopatzailea", eta antzeko 25 kasu ezagutzen dituztela azpimarratu dute. "ESK-k eskatzen du arazo hori berehala konpontzeko eta Arabako ESIak familia eta lana uztartzearen arloan dituen legezko betebeharrak betetzeko".