Emisio Txikiko Eremua zehaztu du udalak

Juanma Gallego 2024ko urr. 18a, 12:24

2027ra arte atzeratu dute etiketen araberako sarbidea mugatzea. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Ingurumen etiketa ez da beharrezkoa izango 2027ra arte, eta udalak 90 eta 200 euro arteko isunak ezarriko ditu arauak betetzen ez dituzten gidarientzat.

Datorren urtetik aurrera martxan egongo den ETE Emisio Txikiko Eremuaren gaineko informazio zehatza eman du Gasteizko Udalak, behin tokiko gobernu batzordeak eremu horretara sartzeko ordenantza erregulatzailea onartu eta gero. 

Lehen fasean, 2025ean, Alde Zaharrean eta Zabalgunearen zati batean izango du eragina, eta bertan zirkulazioa mugatuko den arren, irizpidea ez da ingurumen etiketa izango, eskakizun hori 2027ra arte atzeratu baitute. Aldiz, sarbidea mugatuko diete auto guztiei, hainbat salbuespen aintzat hartuta. 

Hala, bertan, honako egoeretan dauden ibilgailuak sartu ahalko dira: egoiliarrak, aparkalekuetarako sarbidea, merkataritza eta zerbitzu establezimenduak, zamalana eta zerbitzuak, mugikortasun urriko pertsonentzako txartela dutenak, mugikortasun txikia duten gaixoak, "egoera bereziak" eta larrialdiak. Ibilgailuetako titularrek alta eman beharko dute eremuan sartzeko baimena eskuratzeko. Horrez gain, zenbait ibilgailuk sarbide mugatua izango dute, aldez aurretik erregistratu beharrik gabe. 30 kamerek kontrolatuko dute eremua. 

2027an, berriz, ingurumen etiketa ez duten ibilgailuek debekatuta izango dute sartzea are zabalagoa izango den eremu batean. Hirugarren fase bat aurreikusi dute ere —2030erako—: orduan, B ingurumen etiketa duten ibilgailuak sartzea ere debekatuko dutelako.

"Salbuespen batzuk" ere aurreikusi ditu araudiak, errenta mailari eta erretirotik gertu dauden profesionalen ibilgailuei buruzkoak. Arau-hauste larritzat joko dute baimenik ez izatea edo zirkulatzeko baldintzak ez errespetatzea, eta 90 eta 200 euro arteko zigorrak aurreikusi dituzte, larritasunaren arabera. 

Ohar batean udalak ziurtatu du "herritarrei ezer inposatu nahi izan gabe" onartu dutela araudia, eta "prozesu parte hartzaile batean eta inplikatutako kolektibo guztiekin egindako bileretan" bildutako ekarpenak aintzat hartu dituztela. Bestetik, udalak dio araudia "beste hiri batzuetakoak baino berme juridiko handiagoak" izango dituela, horietan ordenantzak auzitegietan amaitu direlako.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago