AEZLE (Arabako Etxez etxeko eta Zaintzako Langile Elkartea) eta Gasteizko Mugimendu Feminista batu egin dira, aliantzen inguruko hausnarketa bat egiteko. Elkarrekin indartsuago gara. Construyendo alianzas desde la economía feminista de los cuidados izeneko topaketa egingo dute igandean Gasteizko Emakumeen Etxean, goizeko 9:00etan hasita.
Aliantzen inguruan pentsatu nahi dute, "gure arteko harremanetan sakondu eta aurrera begirako klabeak zehaztu". Antolatzaileen esanetan, Denon bizitzak erdigunean prozesuak erakutsi zien "aliantzen garrantzia", eta elkarrekin bidea nola egin hausnartzeko parada izango da igandean. Pribilegioez, ardurez, espazio erosoez eta abarrez arituko dira hizketan.
Goizean mahaingurua izango da lehenik, Alianzas feministas para reivindicar un sistema de cuidados izenekoa, eta ondoren taldeetan bilduko dira hausnarketa egiteko. Taldeetan ateratako ondorioak asanbladan partekatu ondoren, bazkaltzeko tartea hartuko dute, eta arratsaldean tailerrak izango dira Emakumeen Etxean, aisialdirako denbora hartuta.