Belarriprest izeneko bakarrizketa eskainiko du Gasteizen Amaia Bono (Gasteiz, 1989) aktoreak, Gasteiz, Euskararen Hiria ekimenaren harira antolatutako emanaldi batean.
Nola jaso zenuen 'Euskararen Hirian' kolaboratzeko gonbidapena?
Besterik gabe, antolatzaileek idatzi zidaten. Erraza izan da kontaktua, nire telefono zenbakia leku guztietan dagoelako. Aurten Mintzalagun taldeetan izena eman dut, baina, egia esanda, ez nuen beraiekin aurretiko kontakturik.
Beraz, euskara hobetzen ari zara?
Tira, hobetzen... baita ikasten ere! Hizkuntza Eskolan C1 mailan nago. Urte dezente daramatzat euskara ikasten; bizitza osoa. Dezenteko denbora ere arte eszenikoetan trebatzen. Horregatik, antzezlana euskara ikasteko sortzea erabaki nuen, ezgaitasun horri aurre egiteko azken aukera bezala.
Bakarrizketa aitzakia izan al da euskara hobetzeko, ala?
Bai, horrela jaio zen proiektua. Niretzat beti izan da oso zaila, batez ere hitz egiterakoan. Beldurragatik edo konplexuagatik, agian. Baina hemendik kanpo bizitzen egon naizenean ere, beti oso argi izan dut ni euskalduna naizela. Nire bizitzaren narratibak euskaldunak dira. Baina ez dut menperatzen nire hizkuntza propioa, eta horrek azken finean beldurrak, konplexuak ekartzen dizkit.
"ERA ASKO DAUDE ARTE ESZENIKOEK MUNDUAREN FUNTZIONAMENDUAN ERAGIN DEZATEN"
'Belarriprest' bakarrizketa horretan, zer aurkitu dezake ikus-entzuleak?
Berez ez da bakarrizketa: gehiago, konferentzia performatibo baten itxura du. Estetikoki oso sinplea da: proiekzioak. Aulki bat, atril bat eta neu bakarrik. Espazioan nire gorputzarekin marrazten dut. Bakarrizketa da bakarrik nagoelako, baina ez da stand up comedy bat. Denbora gehienean gogora ekartzen ditut ikasketa prozesuan laguntza eman didatenak: irakasleak, bekak ematen zizkidatenak... Modu berean, tartean egon diren guztiak; baita, horrez gain, ikasketa prozesu batean agertzen diren agente guztiei ere eskerrak eman dizkiet. Enpatiaz jotzen dut beste belarriprestengana, baina, aldi berean, beste hainbat mailatara jotzen dut. Adibidez, euskara ama hizkuntza gisa dutenenengana ere jotzen dut.
Hainbat lekutan eman duzu ikuskizuna. Zer nolako harrera izan du? Denboran zehar, aldatu al da publikoarekiko elkarrekintzagatik?
Publikoaren arabera aldatzen den kontua da, bai, baina, egia esanda, ez daukat gaitasun nahikorik euskaraz inprobisatzeko. Beraz, ez da mutazioan ari den zerbait. Harrerari dagokionez, oso polita izan da, eta denetarik esan didate; tartean, beharrezkoa sentitu dutela gai hori mahai gainean jartzea; batez ere, enpatia, eta eskertzen dutela umorearen bidez eginda dagoela ikustea.
Antzerki sormenari buruzko tailerrak eman dituzu. nola landu daiteke sormena?
Prozesu bakoitza desberdina da. Askotan oso ideia argia duzu, eta horren inguruan ikerketa egiten duzu. Besteetan, kuxkuxean ari zara, eta ideiak agertzen zaizkizu. Ikastaro bat ematen dudanean, nire proposamena da material desberdinak ekartzea, eta horren atzean zer dagoen azaltzen ahalegintzen gara taldean. Zergatik ekarri dut hau? Zer esan nahi du objektu honek? Sormen prozesu batean, galderak egitea da garrantzitsuena, eta, askotan, erantzunik gabeko galderak. Hala, galderari besten behin galdetu behar zaio. Ikastaroetara probokazioak eramaten ditut: testuak, mugimenduak... handik edo hortik bilatzeko. Behin horiek agertzen direla, taldea oso garrantzitsua da, ikusteko gaitasuna duelako. Eta tailer bakoitza ere oso desberdina izan daiteke. Garrantzitsuena da kutxa tresnez beteta eramatea. Ondoren, taldea ezagututa, errazagoa da asmatzea. Gizarte Heziketa ere ikasi duzu.
Zure aldarrikapenetako bat da arte eszenikoak gizarte eraldaketarako baliagarriak izan daitezkeela. nola egin daiteke hau?
Askotariko moduak daude arte eszenikoek munduaren funtzionamenduan eragin dezaten. Antzerkia ikasi nuenean, berehala ikusi nuen klase baten ondoren gorputza aldatzen zaizula. Ondoren, erabiltzen dituzun tresnak lotuta daude auto-ezagutzari, munduan egoteko zure moduari, zure arnasketaren kontrolari, zure mugimenduari... hori ezin daiteke zuzenean kolektiboei ezarri. Baina, adibidez, etxerik ez duten pertsonei antzerkia irakatsi diedanean, lagungarria egin zitzaien hainbat egoerari aurre egiteko. Bestetik, munduan diren hainbat egoera mahai gainean jartzeko balio du, jendeak ikus ditzan —egunkaria irakurtzen ari direnean, horrelako egoerak ez ikusteko imintzioa egiten duten horiek, adibidez—. Horrek hausnarketa bat sortzen laguntzen du. Antzerkiaren prozesuan parte hartzen duten guztietan eragin dezake, onerako.
Orain, zertan ari zara?
Aurten generoa eta performanceari buruzko talde bat eramango dut eskolan. Ikerketa talde edo ikerketa eszenikorako laborategi baten modukoa, BAI Barakaldo Antzerki Ikastetxean. Esku artean dugun beste proiektu bat Europa mailakoa da. Idoia Zabaleta, Hannah Whelan eta hirurok ari gara. Artistek ikastetxean lan egin ahal izateko eskuliburu antzeko bat prestatzen ari gara. Bestetik, Molinuevo [ikastetxearekin] ere lanean ari gara, Gizarteratzeko Zikloarekin, pieza bat sortzeko. Esan nuke azken bi urte hauetan agerpen asko izan ditudala, tartean, bi antzezlan estreinatu ditudalako. Horregatik, agian, kudeaketa eta formazio kontuetan nabil orain, sortze prozesuan eta kanpora begirako jarrera batean baino.