'Mikroipuinak' liburua aurkeztuko dute Idoia Torregaraik eta Patxi Huarte Zaldieroak

Erredakzioa 2024ko urr. 16a, 16:18

Gaur aurkeztuko dute 'Mikroipuinak' liburua, Elkar dendan. Argazkia: 'Mikroipuinak'-

Urteak zeramatzan Idoia Torregarai kazetari eta umoregileak testu laburrak idazten Twitterren, #mikroipuina traolarekin, arrakasta handiz sare sozialen erabiltzaileen artean, eta horietako onenak liburu batean bildu ditu orain, Patxi Huarte Zaldieroak eginiko marrazkiekin batera. Gaur Gasteizen aurkeztuko dute, 18:30ean, Elkar dendan.  

Genero laburraren hautaketa horretan zerikusia izango zuen agian kazetariaren sintesi-beharrak, eta baita denbora faltak ere. Edonola ere, hor aurkitu zuen egileak bere sormen beharra kanporatzeko bide egokia. Eguneroko gauza arruntetan aurkitu izan du Torregaraik inspirazioa, umorearen bahetik pasatuta, betiere. "Momentuko txinpartak izaten dira gehienetan, baita gogoeta sasifilosofikoak edo malenkoniazko laztan poetikoak ere", esan du egileak.

Sareko ipuin haietako batzuk hartu eta ilustratzen hasi zen Zaldieroa, bere kasa. Astean euskal txiosferako mezu bat hautatu eta marrazteko ohitura hartu zuen Berriako bere zintan, eta sarritan hautatu zituen Idoia Torregarai @bootxo-k idatzitako txioak. Duela pare bat urte, bere mikroipuin onenak hautatu eta liburu batean biltzeko ideia etorri zitzaion, eta liburuak Patxi Huarteren lankidetza behar zuela pentsatu zuen. Argitaletxearen onespena jaso ondoren, bien artean egin dute testuen hautaketa, eta gero marrazki berriak egin ditu Zaldieroak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago