Goranzko joera ikaragarria izan du euskarak Gasteizen azken hamarkadetan. Hizkuntzaren transmisio naturala eten egin zen Gasteizen, katebegi euskaltzaleak topatu ditzakegun arren, baina transmisioa inoiz eten gabeko zonaldeak daude hiriburutik 18 kilometro eskasera. Frankismoaren azken urteetan, eta 80ko hamarkada hasieran, biztanleen %4ak besterik ez zekien euskaraz, eta %30 ingurura igo da ehunekoa 40 urtean.
Euskaraz ikasteko matrikulak ere izugarri igo dira. 1980. urtean ikasleen %2,2 besterik ez zegoen D ereduan matrikulatuta, eta euskara ikasteko zailtasun handiak zeuden Gasteizen. Gaur egun, erdia baino gehiago euskara hutsez ikastera pasa da. B eta D ereduak batera hartuta, ikasleen %90etik gora dabil hezkuntzaren zati bat gutxienez euskaraz jasotzen.
Gasteiz da Euskal Herrian euskara gehien entzuten den bigarren hiriburua, Donostiaren atzetik
Hortik erabilerara jauzi handia dago, baina. Gasteiz da Euskal Herrian euskara gehien entzuten den bigarren hiriburua, Donostiaren atzetik. Hala ere, %5aren azpitik dago kale erabilera (%4,1 euskaraz 2021ean, %90,8 gaztelaniaz). Kale neurketetako datuak kontuz hartu behar diren arren, egoeraren irudia marrazten laguntzen dute.
Gasteiz eta euskararen arteko loturetan zehar ibilbidea egitea proposatu digu Iñaki Lazkanok, hizkuntzaren lehen aztarnetatik hasita, Gasteizko euskaltzaletasunaren urratsak jarraituz. Euskaltzaleen Topagunearen eskariz egin zuten ibilbidea lehenengoz, 2011. urtean, eta osatuz joan dira ordutik. GEU elkarteko kideek oraindik ere eskaintzen dute bisita gidatua, zuzenean jaso nahi izanez gero.
Euskararen azken testigantzak eta galera
Gasteiz izenaren lehen aipamen ezaguna Donemiliagako Goldea agirian dago. 1025. urteko dokumentu horretan Gastehiz agertzen da, Arabako beste hainbat herriren izenekin batera. 1181. urtean Nova Victoria izena jarri zion hiribilduari Antso Jakituna Nafarroako erregeak, baina Gasteays izenaren erreferentziak agertzen dira 1484. urtera arte ere. Bertatik berreskuratu zen izena, Vitoria zena euskalduntzeko.
Gasteizko euskararen testigantzak ere ugariak dira mendeetan zehar. XVI. mendeko hainbat lekukok idatzia utzi zuten Gasteizko hiritarrak euskaldunak, edo elebidunak, zirela. 1511. urtean, epaiketa baten harira, zergalari euskaldun bat eskatu zuten gasteiztarrek, bertako herritar euskaldunekin lan egin behar zuelako. Navagiero eta Venturino bidaiari italiarrek ere adierazi zuten lur hauetan "parlando Biscaino o Bascongado" aritzen zirela herritarrak. Beste italiar batek, Nicolao Landuchiok, hiztegi bat egin zuen 1526. urtean, Arabako euskalkia oinarri nagusi hartuta. Bere hitzetan, "Bocabularioa, ezqueraz jaquiteco eta ezqueraz verba eguiteco".
Urtez urte txikitzen joan ziren euskararen mugak, baina Gasteiztik oso hegoaldera ere ohikoa izan zen hizkuntza. Errioxa probintziari izena ematen dion Oja ibaiaren inguruan, Ezkaraitik harago ere, euskaraz hitz egiten zen XIII edo XIV. mendeetara arte, garaiko dokumentuek erakusten dutenez, eta toponimia euskalduna nonahi topa daiteke bertan. Ez da harritzekoa beraz Gasteiz euskalduna izatea, nahiz eta hurrengo mendeetan nabarmen gailenduko zen gaztelera.
XX. mendeko euskararen berpizkundea hasi baino lehenago, galdua zegoen euskara Gasteizen
1798. urtean, hala ere, Joaquin Jose Landazurik idatzi zuen 22 herritan hitz egiten zela euskaraz Araban, nahiz berak ere onartu "euskarak beheranzko joera nabarmena" zuela. XVIII. mendean bertan dokumentatuta dago euskara debekatu eta zigortzeko neurriak ezarri zituztela agintariek, eskoletako eraztun ospetsua barne. XIX. mendean ere badira Gasteizen euskararen lekukotzak. 1803. urtean Urizaharreko Diego Lorenzo Prestamerok Wilhem Von Humboldt hizkuntzalari famatuari idatzi zion Gasteizen "ia denek" hitz egiten zutela euskaraz, "merkataritza zela eta". 1875. urtean ere Wilhem Mhor alemaniarrak kontatzen du nola Gasteizko ganadu plazan mutiko euskaldun batekin hitz egiteko itzultzaile baten laguntza behar izan zuen.
Azkenerako, XX. mendeko euskararen berpizkundea hasi baino lehenago, galdua zegoen euskara Gasteizen, baina pentsa daiteke hizkuntza ez zaiola inoiz arrotza izan hiriari. Izan ere, euskararen "muga", euskara naturalki transmititu den zonaldeen muga, Gasteiztik oso gertu baitzegoen. Arabako beste hainbat txokotan bezala, Elosun eta Legutio inguruetan euskara bizirik mantendu zen, katebegiz katebegi, inoiz galdu gabe, Gasteiztik 18 kilometrora. Eskoletan euskara irakasten hasi zenerako, oraindik bazeuden bertan euskara etxean jasotako pertsonak. Eta euskaraz ez zekitenen artean ere erabiltzen dira oraindik euskarazko hitz ugari; aran, kili-kolo, larri, ondarras edo lo, esaterako.
Berpizkundearen aitzindariak
Euskara galduta edo galbidean zegoen arren, pertsona asko saiatu ziren mendeetan zehar hizkuntza suspertzen. XIX. mendean zenbait "euskararen lagun" aipatzen ditu Iñaki Lazkanok, haien artean Joaquin Jose Landazuri, Diego Lorenzo Prestamero eta Federico Baraibar. Euskal Herriaren Lagunak elkarteko kide ziren asko, etxe onekoak gehienak, eta haien ikuspegi ilustratuaren barruan garrantzia eman zioten euskara berreskuratzeari. Ricardo Becerro de Bengoa gasteiztarrak idatzita utzi zuen es deber de todo joven ilustrado alaves, conocer el vascuence.
XX. mende hasieran, altxamendu faxistaren aurretik, mugimendu euskaltzalea bazegoen Gasteizen, eta antolatzen hasi ziren, batez ere Gasteizko apaizgaitegiaren bueltan. Hara heldu ziren Manuel Lekuona eta Jose Migel Aita Barandiaran, Gipuzkoatik, eta euskara irakasten aritu ziren. Euskara eta euskal kulturaren aldeko "lan itzela" egin zuten, Lazkanoren esanetan.
Egun haurrak euskaraz ikasten dabiltzan ikastetxe bana daukate Olabide eta Apraizek Gasteizen, haien omenez izena jarrita
Gasteizko giro euskaltzalean zebiltzanak elkartuta, eta Eusko Ikaskuntzaren babespean, Baraibar Taldea osatu zuten 1928an, euskararen ezagutza probintzia osora zabaltzea helburu. Gerra aurreko suspertze lanetan aritu ziren Raimundo Olabide eta Odon Apraiz gasteiztarrak. Olabide jesuita zen, eta Biblia osoa itzuli zuen euskarara, nahiz eta bera 27 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskaltzain oso izan zen hil arte. Apraiz, aurreko gizon erlijiosoak ez bezala, laikoa zen, eta ezkertiarra, ANV-EAE alderdiko kidea. Gaztetan euskara ikasitakoa, Araban euskarak izandako bilakaera edo atzerakada aztertu zuen, euskara irakasten aritu zen eta Internazionala abesti sozialistaren lehen itzulpena eman zion euskarari. Egun haurrak euskaraz ikasten dabiltzan ikastetxe bana daukate Olabide eta Apraizek Gasteizen, haien omenez izena jarrita.
Odon Apraizek, 1929an, Leintz Gatzagako euskal jai batean, Arabaren euskalduntasuna defendatu zuen: “Erakutsi gura dautzuegu Arabako ta Gasteizko euskaldasuna eztaula berriz bizi biar, iñoiz il etzalako, baña bai orain berriz-biztu eragin gura dogula, eta au-danau ereisteko itxaropen ederra dogula”. Baraibar taldeko kideek euskal literaturaren erakusketa bat antolatu zuten Aldundiaren Gasteizko egoitzan, eta Euskal Jaia antolatu zuten Legution, 1929an, Araba Euskaraz jaiaren aitzindari gisa hartu daitekena, Lazkanoren esanetan. Hala irakurri zitekeen gonbidapena, euskaraz, gazteleraz egiten zen Heraldo Alaves egunkarian: "Euskera adiskidiak!, Eusko-oiturazaleak erdu Legutiano Jayera!".
Gerra aurretik EAJk euskara eta euskalduntasunaren alde egindako lana ere nabarmendu du Iñaki Lazkanok. 1934. urtean Aberri Eguna antolatu zuten Gasteizen, euskarazko antzerki, euskal dantza eta bestelakoekin. Ondoren, noski, altxamendu faxista eta diktadura iritsi ziren, eta asko zaildu zen euskararen aldeko lana. Hala ere, Baraibar taldearen ahaleginek eta gerraostean euskara berreskuratzeko saiakerek badute lotura, eta Iñaki Lazkanoren ustez, Andoni Urrestarazu Umandi izan zen batetik besterako zubi lana egin zuena. Bere omenez ere jarri zioten izena Gasteizko eskola bati.
Klandestinitatean euskara ikasten
Umandik, beste hainbat lanen artea, euskal gramatika bat idatzi zuen, "asko erabili zena euskara irakasteko", eta euskara klaseak ematen aritu zen buru belarri, bere etxean. Bere ikasleetako asko gerora euskara irakasle bilakatu ziren, bidea jarraituz. Gerra garaian kartzelan egon zen, "han ere euskara irakasten", eta aurrerago, 1953an Parisa joan zen, erbesteratuta. Frantzian Eusko Jaurlaritzako bulegari lanetan ibili zen, eta bitartean, bere arreba Maria Terese Urrestarazuk hartu zuen lekukoa Gasteizen, eta euskara klaseak ematen jarraitu zuen, San Antonio kalean zeukaten etxean.
Frankismo betean, euskara ikasteko grina bizirik zegoen Gasteizen. Eta bazegoen zeinek erakutsi. Egun legebiltzarra den eraikinean, institutua garai hartan, euskara ikastaroak antolatu zituzten 50. hamarkada amaieran, eta 200 lagunetik gora eman zuten izena. Legebiltzarreko eskolek urte gutxi iraun zuten, baina 60ko hamarkadan euskara klaseak Arte eta Lanbide eskolara pasa ziren, eta "jende asko bertan euskaldundu zen, lanetik irten ondoren klasera joanez".
Manuel Iradier Elkartea ere euskara sustatzeko erdiguneetako bat izan zen
Beste euskaltzale talde bat ere nabarmendu omen zen garai honetan. 60ko hamarkadan Oñati eta inguruetatik 30 bat gazte agustindar iritsi ziren Gasteizko apaizgaitegira, "gazte eta borrokalariak" Lazkanoren hitzetan. Eusebio Osa bergararraren gidaritzapean, buru belarri hasi ziren euskara irakasten, eta gau eskola ugari antolatu zituzten, 1965etik aurrera. Manuel Iradier Elkartea ere euskara sustatzeko erdiguneetako bat izan zen, euskaltzaletasuna bultzatzeaz gain, Mairuelegorretako Euskal Jaia antolatzen zuten, mendietara irteerak, "ikurrinak ipiniz frankismoaren garai gogorretan".
Haurren hezkuntza euskaraz
1963. urtean, Gasteizko guraso talde batek, haien haurrak euskaraz hezi nahian, irakasle euskaldun bat bilatu zuen, eta hala heldu zen Izaskun Arrue Gasteiza, Nafarroatik. Donostian jaso zuen prestakuntza Arruek, Elvira Zipitria, Karmele Esnal eta beste irakasle batzuen eskutik. Hamalau haurri euskara eta euskaraz irakasten hasi zen Arrue, Gasteizen, Zerkabarren kaleko etxe batean, egungo Txukun tabernaren gainean. Hura izan zen egungo Olabide ikastolaren hazia.
Klandestinitatean hasi behar izan zuten ikasten. Umeak ez ziren denak batera sartzen klaseetara, bananduta baizik, disimulatzeko. Urte batzuk eman zituzten Zerkabarrengo etxean, baina laster gelditu zitzaien txiki. Estibalizko Andramari kalean txalet bat alokatu zuten, eta han jarri zuten ikastola. Hura ere txiki gelditu, eta ondoko txaleta ere hartu behar izan zuten, geroz eta guraso gehiagok bilatzen zutelako haurrak euskarazko eskoletan sartzea.
"Ikastola" zioen kartel handi bat ere jarri zuten sarrerako paretan, ausardia handiko ekintza frankismo betean
"Ikastola" zioen kartel handi bat ere jarri zuten sarrerako paretan, ausardia handiko ekintza frankismo betean, baina Guardia Zibilak kenduarazi ziela kontatzen du Lazkanok. Ez zen hezkuntza ofiziala bertan ematen zena, baina lortu omen zuten ikasketak balioztatzea. Escuela Nacional bateko zuzendari "lagun" batek eskolako agiri ofizialak egiten zizkien haurrei, eta hala ebatzi zuten gurasoen kezka iturri zena. Hamar urtean igaro ziren hamalau ikasle izatetik ia 600 izatera, eta 1973. urtean jarri zen martxan egungo Olabide Ikastolaren lehen eraikina, Lasarterako bidean dagoen eremuan. Euskaraz ikasteko nahia zabaltzen ari zen Gasteizen, eta gaur arte iraun duen goranzko joera abiatu zuten orduko aitzindariek.
Sare publikoan ere euskaraz
Francoren diktadura amaitu ostean ere ez zen erraza sare publikoan euskaraz ikastea, garaian saiatu zirenek kontatzen dutenez. "Borroka eta aldarrikapen urteak" izan zirela azaltzen dute euskararen ibilbidean. Azkenerako, 1988. urtean jarri ziren martxan, lehen aldiz, bigarren hezkuntzako ikasketak euskaraz, Koldo Mitxelena institutuan. Ordutik ehunka neska-mutil pasa dira ikasgela horietatik, "familia erdaldunetakoak gehienak", eta euskaraz ikasi dute. Koldo Mitxelenan hasita, euskarazko hezkuntzaren eskaintzak gora egin du nabarmen, hamarkadetan zehar, Gasteizko gurasoen lehen hautua izateraino, alde handiz.
Alde Zaharreko Ramon Bajo eskolaren kasua ere ezin aipatu gabe utzi Gasteizko euskararen ibilbidean. Amelia Barquin irakasleak kontatu zuen eskolaren garapena, 2011n egindako lehen ibilbide hartan: "2002an Gasteizko Alde Zaharreko eskola bakarra A eredukoa zen, eta bertara joaten ziren umeak etorkinen edo ijitoen seme-alabak ziren. Ghetto bilakatzeko prozesu batean sartuta zegoen". Guraso talde baten eskariz, lortu zuten D ereduko eskola bilakatzea Ramon Bajo, eta A eredua kentzea, ez zedin banaketarik sortu "etorkin eta ijitoen seme-alabak A ereduan eta besteenak D ereduan" egonda. 2004. urtetik aurrera, sartzen ziren ume guztiak D ereduan ikasten hasi ziren, eta auzoko gurasoen parte hartzea asko igo zen, kultur aniztasunaren eta euskararen aldeko apustu berria sostengatzeko. Proiektu arrakastatsu honetan, euskara "kohesio tresna" izan dela azaldu zuen Barquinek, edonondik etorritako haurrak direla "euskal herritar eta euskaldun".
Gizarte mugimenduak euskara eske
Ikastetxeetan euskara hedatzeaz gain, Gasteiz euskalduntzeko lan eskerga egin dute gizarteko hainbat eragilek azken hamarkadetan. Euskal Herrian Euskaraz, Bagare Euskal Tokia eta GEU elkartea nabarmentzen ditu Lazkanok. 1980an sortu zen EHE, eta euskara aldarrikatzeko ekintza ugari egin zituzten, Euskal Herri mailan zein Gasteizen. Araba osoan zehar aritu ziren kultur asteak antolatzen, udal plenoetan protestan, tabernetako menuak eta kartelak euskaratzen eta beste hainbat konturekin, eta epaiketa ugariri egin behar izan zieten aurre. Hala ere, borrokarako gune bilakatu zituzten epaitegiak ere, deklarazioak euskaraz egitea eskatuz, besteak beste.
Bagare Euskal Tokia 1987an sortu zuten Aiztogile kaleko taberna bat erosita
Bagare Euskal Tokia 1987an sortu zuten Aiztogile kaleko taberna bat erosita. Euskaltegietako irakasle talde batek erabaki zuen euskaltegitik kanpo leku baten beharra zutela, euskara praktikatzeko. Toki berezi bat izan omen zen Bagare, egun Errexala elkartea dagoen lekuan kokatua, eta kultur jarduera ugari egin ziren bertan, dena euskaraz, hori baitzen haien izateko arrazoia. Asko iraun ez bazuen ere, Oihaneder Euskararen Etxearen aitzindari gisa hartzen du Lazkanok.
GEU elkartea 1992an sortu zen, Gasteiz euskaldundu manifestuari jarraiki kultur elkarte bat sortzea erabaki zutenean Gasteizko euskaltzale ugarik. Arrasate Euskaldundu Dezagun taldea erreferente gisa hartuta, subjektu euskaltzale plurala bilatu zuten, ildo politiko ezberdinak batuko zituena, "euskaltzaletasunak elkartutako herria". Espiritu horri jarraiki GEU Gasteiz aldizkaria sortu zuten, eta aldizkari euskalduna atera zuen lehen hiriburua izan zen Gasteiz. 2009. urtera arte egon zena martxan. Hasieran lan boluntarioaren bidez egina, gerora profesionalizatuz joan zen aldizkaria, eta bertan aritu ziren lanean Estitxu Breñas, Josune Velez de Mendizabal eta Edurne Begiristain, besteak beste.
GEU elkarteak, aldizkaria ateratzeaz gain, helburu eta egitasmo gehiago izan ditu azken 30 urteotan. Beti Gasteizko euskararen erabileran eragin nahian, eta Gasteizko euskaldunen komunitatea trinkotzera begira. Proiektua zabaldu zuten, mintzalagun proiektuak hasi, irakurle klubak osatu eta bestelako hainbat ekimen euskaltzaleren erdigunean egon da, eta badago oraindik ere, GEU elkartea.
Euskal kultura Gasteizen
Gasteizko euskararen ibilbidean kulturgintzak ere leku berezitua dauka, noski. Bertsolaritzak eta euskal kulturak irabazia daukate Aihotz plaza, eta inoiz baino biziago daude Arabako bertso eskolak, gazteen mailak erakusten duen moduan. Txusta taberna aipatzen du Lazkanok, Mateo Moraza kalean zegoena, Gasteizko bertsolari "modernoen" lehen elkargune gisa. Abel Enbeitaren bueltan biltzen ziren han, "euskal txikiteoan", Rikardo, Serapio, Xabi, Jon eta enparauak. 1984an antolatu zen lehen aldiz Arabako Bertsolari Txapelketa, eta hazi besterik ez da egin ordutik. Ehunka lagun biltzen dira Principal antzokian finala ikustera, eta bertso eskolek jarraikortasuna bermatzen dute.
Abel Enbeitaren bueltan biltzen ziren han, "euskal txikiteoan", Rikardo, Serapio, Xabi, Jon eta enparauak
Literatura aldetik ere Gasteizek ez dauka inbidia izateko arrazoirik, Iban Zaldua idazlearen iritziz. 1990etik gaur egunera euskaraz idatzi duten idazle ugari izan dira Gasteizen. Karmele Jaio, Edu Zelaieta, Rikardo Arregi edo Katixa Agirre, bertan jaiotakoen artean, eta Gasteiz haien bizileku edo lan leku egin dute beste hainbat idazlek, Kirmen Uribe, Angel Erro edo Bernardo Atxagak, adibidez. Euskal musikari ere eman dizkio izen handiak Gasteizek, izan Gorka Knorr, Hertzainak edo Betagarri, bultzada handia eman diotenak euskal kulturgintzari.
Gasteiz berezia da euskararen berreskurapenean. Hizkuntza galzorian edo galduta egon arren, eutsi egin dio euskarari, euskaltzaleen ahaleginari esker. 1982an %4ak soilik ezagutzen zuen euskara hirian, eta gaur egun %30ean dago zenbatekoa. 40 urteetan ehuneko 26 puntu igo ditu, “garapen itzela” Lazkanoren hitzetan. "Estaturik izan gabe halako biziberritze prozesua eduki duen hizkuntza bakarra da geurea".