Hamabi orduz euskaraz jardun eta entzuteko gunea izango da Andre Maria Zuriaren plaza, urriaren 19an, euskara protagonista izango duen Gasteiz Euskararen Hiria ekimenean. EH Bildu eta udal gobernuaren arteko aurrekontu akordioan adostu zuten egun osoko jaialdia egiteko proposamena.
Euskara protagonista izatea da ekimenaren helburua, erdigunean egotea, "bai praktikoki zein metaforikoki". Euskaraz aisialdiaz gozatzea posible dela erakutsi nahi izan dute antolatzaileek. Herritar guztiek, adin tarte guztiek eta euskara maila guztiek izango dute tokia Andre Maria Zuriaren plazan. Izan ere, gasteiztar guztiei begira antolatu dute eguna, euskara menderatzen dutenentzat zein harremanak euskara izateko gai ez direnentzat. Bereziki garrantzitsua da, antolatzaileek azaldu dutenez, euskaraz jariotasun handia ez dutenek aukera izatea euskarazko aisialdia jasotzeko.
Hartan, kontzertuak, haurrentzako ikuskizunak, zumba, bertso saioa, kalejirak, jolasak, bakarrizketak eta beste hainbat ekimen izango dira kalean.
Bilakaera "aipagarria"
Antolatzaileek adierazi dute Gasteizen badagoela zer ospatua. Kale erabilerari dagokionez, euskara gehien entzuten den bigarren hiria da Gasteiz, Donostiaren atzetik. Datua baxua dela ohartarazi dute, halere, %5ekoa soilik baita.
Dena den, nabarmendu dute Arabako hiriburuan euskara menderatzen dutenen ehunekoa asko hazi dela, %30 ingurura heldu arte, "duela hamar urte baino ia %7,5 gehiago"; lau biztanletik bat euskalduna da; eta hizkuntzaren biziberritzearen bilakaera aipagarria da. Horregatik, ekimen honen helburua da euskararen berreskuratzean egindako ibilbide horri balioa ematea, hori ospatzea eta, etorkizunari begira, ahaleginak batzea eta prozesu hori indartzen jarraitzeko gogoa piztea.
Horretarako, ekitaldia hiriko erakunde euskaltzaleekin eta euskalgintzan diharduten beste eragile sozial batzuekin elkarlanean antolatu dute. GEU elkarteak hartu du proiektuaren gidaritza, eta elkarteko Uxue Alonsok azaldu du Gasteizko "euskalgintza oparoa" omendu nahi dutela. Gasteiz Euskararen Hiria proiektuaren babesle izan diren AEK, Hegoalde, Bai Euskarari eta ALEA nabarmendu nahi izan ditu Alonsok. Lehen edizioa bada ere, etorkizun oparoa izatea nahi dute.
Hamabi ordu euskaraz
Goizean, familientzako tartea izango da. Magia ikuskizunak, tailerrak eta kirol jolasak izango dira plazan. Hezkuntza formaletik kanpo familia transmisioan eragiteko asmoz, etxeko txikienentzako eskaintza osatu dute. Zumba herrikoia ere egongo da, eta baita bertso saioa ere, 13:00etan. Eguerdian zehar kalejirak izango dira Alde Zaharra girotzen, Dirty Durum Brass Band eta Gasteiz Kantuz taldeen eskutik. Arratsaldean Ane Gebara eta Aitor Vinagreten Patata minak antzezlanaz gozatzeko aukera izango da.
Euskara ikasten ari direnentzako tarte berezia ere egongo da, egun osoa haientzat ere baden arren. Arratsaldean, ikasleei zuzendutako joko bat egingo da plazan, eta Belarriprest umorezko bakarrizketa ondoren, Amaia Bonoren eskutik. Amaitzeko, eta publiko gazteagoari begira, kontzertuak. Pasadena taldea eta Annekdotas arituko dira oholtza gainean.
Egun osoan zehar janari postuak izango dira plazan, Araba zein Gasteizko gastronomia eta komertzioei leku egiteko. Bestalde, egun osoan zehar dinamizatzaile lanetan arituko dira hiru aurkezle, txandaka, David Gutierrez, Ane Pedruzo eta Josune Velez de Mendizabal.