Pilar eta Errota auzoak nahasiak dabiltza azken asteetan. Delinkuentzia, okupazio eta arrazakeria salaketak hara eta hona dabiltza bizilagun taldeen artean. Asteartean dozenaka bizilagun atera ziren auzoko kaleetan zehar, "delinkuentziari ez" eta "irtenbidea orain" lelo artean, auzoan okupatutako lonja batzuk segurtasun falta dakartela argudiatuz. Manifestazioan zehar geldialdiak egin zituzten lonja horietan, bertako biztanleak seinalatu eta "delinkuentziarik gabeko auzo garbia" eskatuz. "Integrazioa bai, delinkuentzia ez" oihukatu zen mobilizazioan zehar, besteak beste.
Joan den astean bilera bat egin zuten bizilagun batzuk, kaleetan eskegitako paper anonimo batzuetako deiari erantzunez, eta atzoko manifestazioa izan da hurrengo pausoa. Bilera hartan Vox eta PP alderdietako kideak egon ziren, "migratzaileak kriminalizatzen", hainbat auzokidek salatu dutenez. Manifestazioaren deitzaileek iragarri dute asteartero biltzen jarraituko dutela, "segurtasuna bermatu arte", eta adierazi dute udalak eta Udaltzaingoak konpondu behar dutela arazoa.
Auzo elkartea bizikidetzaren alde
Errota Zaharra auzo elkarteari eskatu diote mobilizazioetara batzeko, baina elkarteak beste ikuspegi bat dauka. Bizikidetzaren aldeko apustua aldarrikatu dute, eta arazoei "modu integralean" heltzea, "amorrua eta gorrotoa bilatzen duten jarreren aurrean". Elkarteko kideek kezka adierazi dute "zenbait alderdi politikoren presentzia" dela eta, PP eta Vox alderdiei erreferentzia eginez.
Auzo elkartearen ustez, aipatutako mobilizazioetan ez dira "benetako erantzuleak" seinalatzen ari. Arazoaren jatorria ulertzeko Gasteizko Udala, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza seinalatu dituzte haiek. Salatu dute ezarritako etxebizitza politikak daudela "bazterketa egoera larrian" dauden pertsonen arazoaren muinean, eta adierazi dute agintariek ez dutela "gizarte politika eraginkorrik jartzen", baztertuei "alternatiba bideragarri bat" emateko. Udalari eskatu diote ez erabiltzeko bide poliziala soilik, "ez duelako emaitza egokirik lortzen, agerian dagoenez". Diote lonjetara hurbildu beharko lukeela udalak, hango biztanleei "bizigarritasun irteera bat" emateko.
Diskurtso arrazisten aurkako mezuak
Lehen bilera haren deialdia paretetan agertu zen bezala, aurkako iritziak ere eskegi dituzte auzoko paretetan zenbait bizilagunek. "Errotako bizilagun ugari" bezala sinatutako agiri batean, kezka azaldu dute, "azken aurrekoa azkenaren aurka jartzearen jokoa" sustatzen ari delako, eta adierazi dute lonjetako auzian "pobrezia eta miseria" direla arazoa. Kritikatu egin dute delinkuentziaren arrazoi gisa aurkeztea pertsonen kultura edo jatorrizko herritartasuna.
Lonjetako gazteen "seinalamendua eta eskarnio publikoa" salatu dituzte, eta PP eta Vox alderdien interesak gaitzetsi, "etorkinak kriminalizatu eta diskurtso arrazistak elikatzeko" erabiltzen ari direla argudiatuta. Auzokideek hainbat arazo dituztela ohartarazi dute, adibidez bizitzaren garestitzea, alokairu eta hipotekak edota soldata izoztuak izatea, baina hedabideek segurtasun falta sentsazioa zabaltzen dutela salatu dute.
Adierazi dutenez, "poliziaren bidea erabiltzeak ez du ezer konponduko, arazoa pobrezia delako". Adierazi dute okupak botatzeak soilik arazoa lekualdatuko duela, eta errora joan beharra dagoela. Auzokideei antolatzeko deia luzatu diete, ikuspegi "eraikitzaile eta askatzaile" batetik arazoei aurre egin ahal izateko.