Azaroa eta abendua folkez beteta datoz Gasteiza, Aitzin Folk jaialdiarekin. XII. aldiz ospatuko da aurten, eta Lunasa talde irlandarra, Fillas de Cassandra galiziarrak izango dira, besteak beste, atzerritik etorritakoen artean, eta Iñaki Palacios, Besaide eta Xiberua Kantu Loraturik izango dira euskaldunen artean.
Urriaren 19an aurkezpen kontzertua egingo du Xuxurlaka taldeak, doan, Santa Maria plazan, eta hasiera emango diote hala jaialdiari, "irlandako zelten tradizioa hurbilduz". Gainerako kontzertu eta tailerrak azaroan eta abenduan izango dira. Egitarau osoa ikus daiteke, eta sarrerak eskuragarri daude jadanik jaialdiaren webgunean.
Folk jaialdietan erreferentzia bilakatzen ari da Aitzina Folk, antolatzaileen esanetan. Aurtengo edizioan emakume artistei bultzada berezia emango diete, eta haurrentzako jarduerak ere izango dira, kalejirak, folk eskoletako ikasleen topaketak eta tailer ugari egongo dira.
Patxi Villen jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak Aitzina Folken helburuak gogorarazi ditu aurkezpenean. "Folka eta kultura tradizionala zabaltzea, eta ataxia telangiektasia ikertzen laguntzea". Gaixotasun arraroa, genetikoa, multisistemikoa eta neurodegeneratiboa da, eta egun ez du tratamendurik ez sendabiderik. Gutxitutako desgaitasun fisiko larria eragiten die gaixoei, hiru mutili Araban, eta 40 pertsonari Estatu mailan.