Prostituzio sare batean aritzen ziren lau emakume askatu ditu Ertzaintzak Gasteizen eta Donostian, eta Jaurlaritzarekin itundutako zenbait gobernuz kanpoko erakunderen esku jarri dituzte orain, sexu esplotaziorako salerosketaren biktimei arreta emateko Emakundek duen protokoloaren barruan.
Gizakien salerosketaren aurka egindako operazioan, hiru lagun atxilotu dituzte —bi emakumezko eta gizonezko bat—, sexu esplotaziorako gizakien salerosketako delitu bat egotzita. Gizona Errenterian atzeman dute. Emakumeak, berriz, Gasteizen eta Donostian.
Emakumeek salatu zuten taldeko arduradunek prostituzioaren bidez lortutako dirua atxikitzen zietela, bai eta dokumentazioa ere. Horrez gain, irteerak mugatzen zizkieten, eguneko gehienez bi ordura murriztuz.
Apirilean abiatu zuten polizia ikerketa, Gasteizko Instrukzioko 1 zenbakiko epaitegiak zuzenduta. Orduan, Ertzaintzak jakin zuen zenbait emakume prostituzioan aritzera behartzen zituztela pisuetan edo jai pribatuetarako irteeretan.
Atxiloketez gain, bost sarrera eta miaketa egin dituzte Gasteizko bi etxebizitzatan eta ile-apaindegi batean. Donostian, berriz, ertzainek etxebizitza bat eta lonja bat miatu dituzte. Bertan, besteak beste, "droga kopuru txiki bat" aurkitu dutela zabaldu du Ertzaintzak.