Gasteizko 3.235 familiak jasotzen dute Etxerako Laguntza Zerbitzua

Erredakzioa 2024ko urr. 11a, 12:29

Besteak beste, mendekotasuna duten pertsonek jasotzen dute zerbitzua. Argazkia: ALEA

Etxerako zerbitzurako kontratu berria esleitu du udalak, 63,8 milioi euroren truke. Aralia Servicios Sociosanitarios eta Serveo Social SLU enpresak arduratuko dira zerbitzu horiek emateaz.

Gasteizko Etxerako Laguntza Zerbitzua jasotzen duten pertsonen artean daude mendekotasuna edo mendekotasun arriskua aitortuta duten pertsonak, baita beren autonomian aldi baterako galera jasan dutenak ere, edo bat-batean gertatutako mendekotasun egoera bizi dutenak; badira ere familia zaintzaileak; eta zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden eta zainketa sare egokirik ez duten pertsonak. Guztira, Gasteizen, 3.235 familiak jasotzen dute laguntza mota hori.

Bada, udal gobernuak gaur ontzat eman du zerbitzu berria emango duen kontratuaren esleipena. Bi enpresa hartuko dute hemendik aurrera Etxerako Laguntza Zerbitzuaren ardura: Aralia Servicios Sociosanitarios enpresa arduratuko da Abetxuku, Arriaga, Pilar, Iparralde eta Aldabe auzoetaz. Aldiz, Ariznabarra, Landatxo, Lakua, Ibaiondo, Zabalgana, Arana, Judimendi, Hegoalde eta Salburua auzoei dagokien zerbitzua Serveo Social SLU enpresak emango du.

Hobekuntzak

63.825.564 euroko aurrekontua bideratuko da zerbitzua ordaintzeko, eta 2026 bukaerara arte indarrean izango da kontratua. Udalak adierazi duenez, familiek, erakunde sozialek, udal langileek, sektoreko enpresek, sindikatuek eta bestelako agenteek elkarlanean lan egin dute "kalitate, intentsitate eta gertutasun handiagoko zerbitzua" ezartzeko. Horrenbestez, "arreta ordu gehiago, lan baldintza (ekonomikoak eta antolaketa mailakoak) hobeak eta, besteak beste, gertutasuna moduko kontzeptuetan oinarritutako elementu berriak" sartu dira.

Etxerako Zerbitzu berri honen oinarria lehengo bera da: etxean bizitzen jarraitu ahal izateko laguntza behar dutenei laguntzea, ahalik eta autonomia eta ongizate mailarik handiena emanda. Orain zaintza hori gertukoagoa izatea, familiei lana kentzeko gaitasun handiagoa izatea eta berdintasunera bideratuago egotea nahi dugu, jasoko dutenentzat eta bertan lan egingo dutenentzat zerbitzu hobea izan dadin”, azpimarratu du Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago