Ikasturte berriarekin batera, komiki fanzineak sortzeko gazteei bideratutako doako tailer bat martxan jarri du Zas kultur aretoak. Urriaren 18tik azaroaren 23ra egingo dute Fanzine Leku izeneko ekimena, Gasteizen kultura espazioak duen lokalean (San Anton plaza, 2).
Zehazki, 12 eta 30 urteko gazteentzako tailerra izango da, eta ostiral arratsaldeetan (19:00-21:00 ) zein larunbat goizetan (12:00-14:00) egingo dute.
"Saioak irekita daude, eta unean unean bertan edo prozesu osoan parte har daiteke, aldez aurretik izena eman behar izan gabe", azaldu dute antolatzaileek, ohar batean. "Parte hartzaile bakoitzak benetan garrantzia duen horretan arreta jarri ahal izateko behar den material guztia emango da: prozesua sortzea eta prozesuaz gozatzea".
Atiza elkarteak antolatu du ekimena, Zas-ekin elkarlanean, "bertako komikien kultura" bultzatzea helburu. Tailerra ez ezik, "sormen gune bat" izango dela aurreratu dute. Sormen hori lantzeko tresnak eskura izango dituzte parte hartzaileek: marrazketa materialak, liburuak eta komikiak, eskuliburuak, ordenagailua, gillotina, eskanerra, laser inprimagailua eta grapagailu industriala. Modu berean, "sorkuntza prozesuan gazteei orientazioa emango dieten profesionalen laguntza" izango dute gazteek.
Tailerren zikloa amaitzean, 32 orrialdeko fanzine kolaboratibo bat editatuko dute, eta Gasteizko hainbat kultur gunetan banatuko dute.