Iazko ekainean hamabost urte bete zituen Auzolanak, Alde Zaharreko pilotaleku okupatuak. Handik gutxira baina, uztailean, Gasteizen izandako ekaitzak eta kazkabarrak teilatua hondatu zuen, zulo asko egin eta teilatuko xafla batzuk osorik erauzita. Ondorioz, azken urtean ezin izan da normaltasunez erabili, eta konponketa lanetan aritu dira, auzolan ugari eginda.
"Urtebete pasatxoko etenaren ostean ireki dugu frontoia azkenean, eta iritsi zaigu behar bezala ospatzeko garaia!". Hala zabaldu dute urriaren 19rako gonbidapena Txapa Ahotsa asanbladako kideek. Goizean zehar pilota partiduak izango dira, 11:30ean Goian auzoko hezkuntza proiektuko haurrenak, eta helduak ondoren, 12:15ean. Bertso emanaldia eta ekitaldia ere izango dira, 13:30ean, eta marianitada 14:00etan, Ogene Igbo Araba taldeko dantza eta musikaz lagunduta. 14:30ean herri bazkaria egingo dute frontoian bertan.
Zaharraz Harro Alde Zaharreko jai herrikoiek urtero antolatzen dute bazkari bat, Eskerrik asko bazkaria, jaietan lagundu duten pertsona eta eragileei eskerrak emateko. Aurten, bazkari hori eta Auzolanaren Inaugurazio 2.0 herri bazkaria batera egingo dituzte 19an. Bazkarirako izena eman beharra dago, Auzolana frontoian bertan jarritako paper batean, edo txapaahotsa@gmail.com helbidera idatzita, urriaren 15a baino lehen.
Azken urtean zehar elkartasun ekimenak egin dituzte konponketentzat dirua biltzeko, eta uda aurretik abiatu ziren teilatua konpontzeko lan teknikoak. Zaharraz Harroko jaien baitan auzolana deitu zuten, kantxako lurra lixatu eta margotzeko. Lan guztiak amaituta, pilotalekuak ohiko jardunera itzuliko da, urriaren 19an ongi etorria eginda.