Azken bi asteotan Gasteizen Osakidetzako langileen kontrako bi erasoren berri eman du CCOO sindikatuak. Biak ala biak azken bi asteetan jazo dira: bata Olagibelgo EAG Etengabeko Arreta Gunean izan da, eta, bestea, zehaztu ez duten hiriburuko lehen arretako beste gune batean.
Olagibelgo gertakariaren kasuan, joan den ostiralean izan da: emakumezko mediku bati eraso egin diote hitzordurik ez zuten bi pazientek. Bigarren erasoaren kasuan, sindikatuak ez ditu zehaztu ez eguna ezta lekua ere. Oraingo horretan, "hitzordura berandu iritsi" den paziente batek beste emakumezko profesional bati eraso egin dio, eta hainbat objektu bota dizkio, hauekin jo ez du ere. Bi kasuetan langileek ez dute lesio fisikorik izan, baina "tentsio handiko uneak" bizi izan dituzte, eta instalazioetan kalteak gertatu dira. Bietan Ertzaintza bertaratu den arren, sindikatuak dio ez dakiela erasoen bueltan aparteko ikerketarik egin ote duten.
CCOOren arabera, Osakidetzako langileen kontrako erasoak "handitzen ari dira", batez ere EAGetan eta larrialdi zerbitzuetan. Beste larrialdi zerbitzuetan ere horrelakoak gertatu direla gogora ekarri dute, eta, zentzu honetan, aipatu dute Basurtuko (Bizkaia) larrialdi zerbitzuan auto batek nahita talka egin zuela.
Sindikatuaren aburuz, lehen arretako guneetan gehiegizko lan zama dago, langileak falta dira, eta itxaronaldiak sortzen dira. Horrek "pazienteen eta profesionalen arteko tentsioa" sortzen duela salatu dute. Hori dela eta, sindikatuak Osakidetzari galdegin dio neurriak har ditzala "bai beren profesionalak babesteko zein lan zamak arintzeko".