Wallmapuko borrokarekin elkartasun jaialdia antolatu dute Gasteizko Gaztetxean urriaren 19an. "Maputxe herria jazartzen eta espetxeratzen jarraitzen duten testuinguruan" sortu da ekimena, 2019ko herri altxamenduaren urteurrena baliatuta.
Arratsaldean Wallmapuko egoera ezagutzeko aukera izango da, "Argentina eta Txileko Estatuek okupatutako" lurraldeari buruzko informazioa zabaltzeko. 2019ko altxamenduaren ondorioei erreparatuko diete lehenik, 18:00etan, Piñera: La guerra contra Chile dokumentalaren emanaldi eta aurkezpenarekin. Ondoren, nazio maputxearen historia eta testuingurua azalduko dituzte, inguruko historialari batek emandako hitzaldiarekin, Wallmapu: su historia, actualidad y consecuencias tras el estallido social. "Askapen nazionaleko borrokaren bandera" eraman duten preso politikoen egoerari buruzko ikuspegi eguneratua jasotzeko aukera izango da bertan.
"Aurrekaririk gabeko erasoak" jasaten ari da herri maputxearen kultura eta historia azkenaldian, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Elkartasuna adierazteko, baina jai giroa ere sortzeko, kontzertuen txanda izango da ondoren, eta afaltzeko aukera ere eskainiko dute Gaztetxean.
Hasteko Rap Showcase bat egingo dute oholtza gainean, rapero ezberdinak arituko dira kantuan. Jarraian, Zarata Selektionen emanaldia eta Ben.wav_1 Dj Rap eta Hip-hop $hiletarra. 21:30etik aurrera izango dira kontzertuak.