Gardelegiko zabortegian arau hauste ugari atzeman ditu ikuskaritzak

Erredakzioa 2024ko urriaren 8a

Gardelegiko zabortegia. Argazkia: ALEA

Apirilean egindako azterketa sorpresa batek irregulartasunak atzeman ditu Gardelegin, eta aurrez jakinarazitako akats batzuk konpondu gabe topatu dituzte oraindik. Eguzki talde ekologistak konpromisoa eskatu dio Gasteizko Udalari.

FCC enpresak kudeatzen du Gardelegiko zabortegia, berez Gasteizko Udalarena bada ere. Azken urteetan arau hauste ugari topatu dituzte zabortegiaren kudeaketan, eta azken hilabeteetan arazo berriak atera dira argitara. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak apirilean ikuskapen berri bat egin zuen, kasu honetan aurrez jakinarazi gabea, eta hainbat gabezia eta akats atzeman dituzte.

Eusko Jaurlaritzak zigor espediente bat zabaltzeko aukera aipatu du Legebiltzarrean, EH Bilduren galderei erantzunez, baina oraindik ez da prozedurarik abiatu. 2019. urtetik 200.000€ baino gehiago ordaindu behar izan ditu udalak zabortegiarekin lotuta, lau zigor ezberdin jaso dituztelako azken bost urteetan.

Oraingo honetan, maila ezberdinetako arau hausteak aurkitu dituzte ikuskaritzan. Gelaxka baten iragazgaiztasun edo impermeabilidadeak ingurumen baimena urratzen du, akats "esanguratsua" dena. Bestalde, "larritzat" jotako hainbat gabezia daude Gardelegin. Gelaxka ez-aktiboetan sortutako gasak ez dira biltzen ezta tratatzen ere, eta Eguzki talde ekologistak salatu du berotegi efektuko gasak atmosferan barreiatzen direla "inolako kontrolik gabe". Gasak tratatzeko zuziak edo suak ez du nahikoa tenperatura hartzen, ez da 1.000 gradura iristen, eta ondorioz ezin da ziurtatu erreketa behar bezala egiten denik. "Larria" da akats hau ere. Gainera, paisaia babesteko neurririk ez dagoela antzeman dute ikuskariek. Hondakin ugari lekuz kanpo ikusten dira eta "euripean egon daitezke 10.000 metro koadro zabor". Honen ondorioz, lixibatuen sorrera eta eragina handitzen da, kaltea sor dezaketenak.

Oso larriak ez diren akats batzuk ere topatu dituzte. Hala nola, 2021ean bete zen hondakin ez-arriskutsuen gelaxka oraindik zigilatu ez izana. Bestalde, kritikatu dute Gardelegin ez egotea kronogramarik ezarrita, eremuak hondakinez bete ahala zigilatzen joateko.

Gasteizko Udalak adierazi du apirileko ikuskapenak ez duela zigor espedienterik zabalduaraziko, "garaiz" erantzun zitzaielako eskaera guztiei, "epearen barruan", ekainerako zehazki. Udaletik ere nabarmendu dute Gardelegin aurkitutako arau hausteek ez dutela jaso kalifikazio txarrena, nahiz eta garrantzitsuak diren topatutako gabeziak.

Eskandaluzko egoera ekologistentzat

Eguzki talde ekologistak kritika egin dio Gasteizko Udalari, "konpontzeko errekerimendu bat egin ordez" argudiatu izanagatik "larriak direla, baina ez oso larriak". Ohartarazi dute "oso larri" izendatu izan balira zabortegia itxi beharko litzatekeela. Gaineratu dute gabezia hauetako batzuk lehenagotik ere ezagutzen zirela, "baina ez direla konpondu".

Eguzkik salatu du Gasteizko Udalak ez dirudiela "arazoak konpontzeko eta kudeaketa eredua aldatzeko inolako asmorik" duenik, eta "eskandaluzkoa" iritzi dio egoerari. "Zigorrak diru publikotik ordaindu eta segi aurrera. Non daude erantzukizun politiko eta pertsonalak?" galdetu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago