Liburutegien eguna dela eta, udal liburutegien sareak liburuak trukatzeko XIV. azoka antolatu du. Larunbatean, hilaren 19an, eta igandean, hilaren 20an, Iradier Arena liburuz eta ipuinez beteko da, trukatzeko zain.
Aurreko edizioan bezala, 2000. urtetik aurrerako argitalpenak bakarrik onartuko dira, liburuen kalitatea eta gaurkotasuna hobetzeko, eta pertsona bakoitzak gehienez 5 truke egin ahal izango ditu. Bestalde, ez dira honako hauek onartuko: testu-liburuak, unibertsitateko liburuak, informatikakoak, liburu teknikoak, geografiakoak, ikerketa soziodemografikoen ingurukoak, azpimarratutako zatiak dituztenak, egoera txarrean daudenak, bidaia-gidak, aldizkariak, entziklopediak eta solteko liburukiak.
Herritarrek ekartzen dituzten liburuak 5.000 liburu baino gehiagorekin osatuko ditu Liburutegi Sareak. "Truke azoka liburu trukeak baino askoz gehiago da, literaturari eta irakurzaletasuna sustatzeari eskainitako asteburua izateaz gain, tailer, musika eta ipuin-kontalariez familian gozatzeko unea ere bada eta", gogoratu du Sonia Diaz de Corcuerak.
Goizez eta arratsaldez izango da larunbatean, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:30etik 20:30era. Eta igandean, berriz, goizez bakarrik izango da, ordutegi berean.