Gasteizko Udalak zabor tasaren %80ko igoera aurreikusi du. Hondakinen legeak agindutakoa dela hori argudiatu du udal gobernuak, hiri hondakinen kudeaketa osorik tasen bidez finantzatu behar delako, eta ezingo duelako defizitarioa izan. "Egiaren erdia" baino ez litzateke hori, Eguzki talde ekologistaren arabera. Izan ere, lege berdinak jasotzen du, 2025erako, gutxienez hiri hondakinen %55 gaika bildu behar dela, "eta gaur egun Gasteizek %39 baino gutxiago gaika biltzen du".
Are gehiago, legeak 2030erako %60 biltzea aurreikusten duela esan du Eguzkik; eta udalaren aldetik helburu horiek lortzeko plangintza falta ikusi du. "Joan den uztailean salatu genuen bezala, uztailean, Pascual Borja garbiketa zinegotziak esan zuen neurriak hartuko dituela; zehatz-mehatz, hondakin guztiak nahastuta biltzen dituen edukiontzi grisa irekitzeko aukerak murriztuko dituela esan zuen, baina ez 2026ko urria baino lehen. Alegia, udalak legea 2025ean ez ezik 2026an ere urratuko du, behintzat", adierazi du taldeak.
"Sekulako iruzurra" deritzo Eguzkik zabor tasa igotzea gaikako bilketaren helburuak bete ez diren bitartean. "Iruzurra legeari, herritarroi eta, jakina, ingurumenari", esan dute. Halaber, gogoratu dute udal gobernuak ezin duela "komeni zaion neurrian edo komeni zaion atalean soilik" legea bete. "Ezin da tarifazoa banatu legearen helburua ahal den eperik laburrenean betetzeko konpromiso irmotik", azpimarratu dute.