Euskal Emakumeak Teknologian erakusketa ibiltaria paratu dute Arabako Parte Teknologikoan, STEM bokazioak sustatu eta alorrean emakumeek izan duten garrantzia azpimarratzeko. Euskadiko Parke Teknologikoek eta Itelazpi Eusko Jaurlaritzako Telekomunikazio Sozietateak sustatu dute erakusketa, eta azarora arte bisitatu ahalko da.
Antolatzaileen esanetan, EAE mailan "teknologiaren eta irakaskuntzaren esparruan erreferente izan diren, diren eta izango diren hiru euskal emakume belaunaldiren lana jendaurrean zabaldu" nahi izan dute. Hiru taldetan bereizi dituzte emakume horiek: aitzindariak, egungo irakasleak eta ikertzaileak.
Haien gaineko informazioa panelen bidez jarri dute jendaurrean, eta David Fernandez Renteriaren ilustrazioekin osatu dituzte. Apirila eta uztaila bitartean Bizkaiko Abanto campusean egon ondoren, Arabaren txanda iritsi da orain, eta azken geralekua Donostia campusean izango du.
Parkeak zabaldutako oharrean izenik aipatzen ez bada ere, zabaldutako irudian agertzen dira horietako hainbat: Dorotea Barnes kimikaria, Eva Ibarrola telekomunikazio ingeniaria, Mertxe de Renobales biokimikaria, Itziar Aretxaga astrofisikaria edota Sara Alonso elektronika eta telekomunikazioetako doktorego ikaslea.