Baso izurri baten simulazioa egin dute Aberasturin

Erredakzioa 2024ko urr. 2a, 10:06

Alderdi teorikoa eta praktikoa landu dute, pinudietan bertan. Argazkia: IREKIA

Pinu Zuraren Nematodoaren Kontingentzia Planaren simulazio ariketan 90 bat adituk parte hartu dute.

Pinudietan izurritetzat jotzen den Bursaphelenchus xylophilus nematodoa arrastoan sartzeko simulazio ariketa egin dute 90 bat adituk Aberasturin. Jaurlaritzak ohar batean ezagutzera eman duenez, Espainian Pinu Zuraren Nematodoaren Kontingentzia Plana abiatu zenetik bosgarren simulazio ariketa da hau, eta, Euskal Herriko profesionalek ez ezik, Espainiako autonomia erkidegoetako hainbatek ere parte hartu dute.

Atzo goizean ariketaren alderdi teorikoa landu dute, eta arratsaldean alde praktikoa jorratu dute, pinudietan. Behin nematodoa zabaldu delako susmoa izanda, izurritearen agerraldia berretsi dute simulazioan, eta horren kontra egiteko neurriak simulatu dituzte. Besteak beste, zizarearen zabalpenaren bektore den kakalardoa (Monochamus galloprovincialis) harrapatzeko tranpen inguruan ikasi dute.

Zuraz elikatzen denean edo arrautzak jartzen dituenean zabaltzen du kakalardo espezie honek nematodoa pinudietan, eta, behin zizarea hedatuta, pinudien zimeltzea eragiten du. 

Besteak beste, Jorge Garbisu Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak parte hartu du simulazioan, eta ohartarazi du "klima aldaketaren ondorioz izurriteak ugaritzen" ari direla. Hori dela eta, prebentzioa "funtsezkotzat" jo du. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago