Lankidetza hitzarmena sinatu dute Olabide ikastolak eta Euskaltzaindiak

Erredakzioa 2024ko urr. 2a, 09:31

Mikel Makazagak eta Roberto Gonzalez de Viñasprek sinatu dute hitzarmena. Argazkia: EUSKALTZAINDIA

Ikastolako profesionalen hizkuntza maila jasotzeko asmoz egin dute hitzarmena, bai eta Euskaltzaindiak euskararen batasunerako eman dituen eta ematen dituen arauen zabalkundean laguntzeko ere.

Olabide ikastolak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Akademiaren Arabako ordezkaritzan. Hitzarmenari esker, ondorengo bost urteetan Olabide ikastola eta Euskaltzaindia lankidetzan arituko dira ikastolako jardun akademikoan, eskolaz kanpoko jardunean, bai eta Olabide osatzen duen hezkuntza komunitatearen eguneroko bizitzan ere, euskararen ezagutza, euskararen erabilera eta euskal kultura hedatzen duten programetan.

Honela, bi sinatzaileek lankidetzan jardungo dute ikastolako profesionalen hizkuntza-maila jasotzeko asmoz zehaztutako ekimenetan, bai eta Euskaltzaindiak euskararen batasunerako eman dituen eta ematen dituen arauen zabalkundean ere. Horretarako aurkezpenak, ikastaroak, eskuliburuak, mintegiak zein jardunaldiak antolatuko dituzte. Era berean, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Olabide Ikastolako profesionalek egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, onomastikari, ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren bestelako gaiei buruzkoak direnean.

Aipatutakoak betetzeko, Euskaltzaindiak eta Olabide Ikastolak jarraipen batzordea osatuko dute.

Mikel Makazaga Olabide ikastolako zuzendariak aitortu du ikastolarentzat "estrategikoa izateaz aparte" ikastolaren "izaera naturaletik ateratako ondorioa" dela hitzarmena. "Kalitatezko hezkuntza ematea da gure xedea –gaineratu du Makazagak– eta horrek ezinbestean eskatzen du eleanitzak izango diren etorkizuneko hiritar euskaldunak heztea".

Bere aldetik, Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak adierazi du Olabide ikastolak hirurogei urte daramatzala "Gasteizen eta Araba osoan euskararen hazia zabaltzen". Zentzu horretan, hitzarmen honek "lan emankor hori aitortzen dio, eta aukera bikaina ematen digu euskararen normalizazioaren bidean elkarlanean aritzeko".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago