Bihar 24 orduko baraualdia hasiko dute Gasteizen, Palestinaren alde

Erredakzioa 2024ko urr. 2a, 10:23

2023ko urrian Bilbon egindako manifestazioa, palestinar erresistentziaren alde. Argazkia: Insurgente.org

Hego Euskal Herriko beste lau txokotan egingo dituzte elkartasun baraualdiak, sionismoa salatuz, eta urriaren 5ean Bilbon egin den manifestaziora dei egiteko. Ostegunean 19:00etan hasi eta ostiraleko 19:00ak artekoa izango da baraualdia, eta egitarau kultural eta informatiboa izango da Gasteiz erdigunean. 

Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideek, Gazako genozidioa salatu asmoz, egun bateko baraualdia egingo dute, ostegunetik ostiralera. Israelen "proiektu sionista desnormalizatu, borrokatu eta boikotatzeko" helburuarekin, hiriaren erdigunea hartuko dute elkartasun ekintza honekin. "Oraindik ere zutik dirauen palestinar erresistentziari" elkartasunik beroena adierazi diote antolatzaileek, eta estatu sionista babesten duten konplizeak seinalatuko dituztela aurreratu dute.

Era berean, urriak 5 larunbatean Bilbon deitua dagoen manifestazio nazionalerako beroketa gisa ere aurkeztu dute baraualdia eta honen bueltako egitaraua. Datorren urriaren 7an, astelehenean, urtebete izango da Israelek genozidioa abiatu zuenetik, erresistentzia palestinarraren ekintzaren ostean. Epe honetan, armada sionistak 40.000 pertsona baino gehiago hil ditu, ia 20.000 haur tartean, eta 100.000 pertsona inguru zauritu ditu.

Baraualdia bihar hasiko da, urriaren 3an, 19:00etan. Loma jeneralaren plazan Elkartasun Gunea zabalduko dute orduan, eta poesia errezitaldia, elkartasun argazkia eta kontzertuak izango dira bertan. Baraualdia egingo duten kideek Gasteizko Gaztetxean emango dute gaua, eta ostiral eguerdian, 12:00etan hasita, zuzeneko irratsaioa egingo da kaletik, Hala Bedi irratiarekin elkarlanean. Kalean bertan, 107.4 FMan edo halabedi.eus webgunean jarraitu ahal izango da irratsaioa, eta Palestinako aditu eta arituekin hitz egingo dute bertan. Ostiraleko 19:00ak arte iraungo du baraualdiak.

Manifestazio nazionala Bilbon

Larunbat goizean autobusak irtengo dira Gasteiztik Bilbora, manifestazio nazionalera batzeko. 10:00etan aterako dira America Latina ondoko parkingetik, eta 12:00etan abiatuko da Bilbon manifestazioa, Jesusen Bihotzetik. "Palestinar erresistentzia babestu, Israel eta bere konplizeei aurre egin" lelopean, espero dute duela ia urtebete Bilboko kaleetan azaldutako babes handia errepikatu ahal izatea orain ere.

Gazako kazetariak

Israelgo armadak kazetarien aurka izandako jarrera ikusarazteko infografia bat zabaldu du Palestinarekin Elkartasuna ekimenak. 170 kazetari palestinar baino gehiago hil ditu Israelek azken urtean, "Vietnamgo gerran bi hamarkadetan hildakoak baino gehiago". Salatu dutenez, "eguneroko ogi bilakatu dira" Gazan gertatzen ari denari buruz informatzeko oztopoak, lurraldean sartzeko debekuak, internet sarearen mozketak eta kazetarien kontrako erasoak.

Euskal Herriko hedabide ugarik elkartasuna adierazi diete Gazako kazetariei, eta adierazi "berebiziko garrantzia" duela kazetarien presentziak, martxan dagoen genozidioa kontatzeko eta erantzukizunak eskatu ahal izateko.

Gerra eskualdera zabaltzeko arriskua

Urri hasieran Israel Gaza gogorrago bonbardatzen hasi zenetik, tentsioa gora joan da Libanoko Hezbollah eta Yemengo huthiekin ere. Hezbollah eta Israelen artean ia egunero egon dira erasoak azken urtean zehar, baina azken hilabeteetan asko igo da eraso kopurua, eta sionistek kolpe gogorrak eman dizkiote Hezbollahri azken asteetan. Militante ugari hil eta zauritu dituzte Libano osoan zehar, eta Hezbollahko buruzagi nagusiak hil dituzte Beiruten egindako aire erasoekin.

Iran, Hezbollah eta huthien aliatua, ez da buru belarri sartu orain arte, baina azken egunetan misil ugari jaurti ditu Israelgo lurretara, sionistek Hamaseko burua Teheranen hil izanaren ordainetan, eta Hezbollah eta Libanoko zibilen aurkako erasoei erantzunez. Israelgo aire defentsa sistemak erasoetako asko gelditzea lortu badu ere, Irango misilek Israelgo helburu ugari kolpatu dituzte. Sionistek erantzun gogorra hitzeman dute, eta ikusteko dago zer gertatuko den, Iran eta AEBen arteko gatazka zuzenagoa ekar dezakeelako tentsio gorakada honek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago