Gaurtik aurrera eman daiteke izena Mintzalaguna programan

Erredakzioa 2024ko urr. 1a, 17:50

Toki eta leku zehatz batean biltzen dira parte hartzaileak, euskara praktikatzeko. Argazkia: ALEA

Urriaren 31ra arte zabalduta egongo da euskara praktikatzeko ekimenera batzeko aukera. 

GEU elkarteak Gasteizen urtero antolatzen duen Mintzalaguna programan parte hartzeko epea zabalik dago jada, eta hil osoan zehar irekita egongo da. Ohar batean, GEU elkarteak gogora ekarri du programaren funtzionamendua: astean behin elkarten dira adostutako leku batean, gutxienez ordu betez, eta euskara maila desberdina duten lagunek euskara darabilte lagunen artean komunikatzeko. Talde bakoitzeko euskaraz egiten ohituta dagoen mintzalaguntzaile bat dago, erreferente eta laguntzaile modura. "Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna" lortu nahi dituztenak "eta euskaraz normaltasunez erabiltzen duten laguntzaileekin elkartzen dira 8-10 laguneko taldeetan", azaldu dute.

Gasteizko hainbat auzotan egiten dute ekimena, asteko egun guztietan. Parte hartzeko baldintza bakarrak dira euskaraz komunikatzeko gutxienezko gaitasun bat izatea —B.2.1 mailaren parekoa—, eta astean behin ordubetez elkartzeko prest egotea.Horretaz guztiaz gain, gogora ekarri dute ekintza osagarriak antolatzen dituztela ere, hala nola garagardo dastaketak, solasaldiak, sukaldaritza tailerrak, edota ibilaldiak. MOdu berean, antzerkirako sarrerak deskontuarekin, zozketak eta GEU Elkarteak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko aukera dute programaren parte hartzaile guztiek.

Hil honetako ekintzei dagokienez, urriaren 10ean mintza-aurkezpena egingo dute arratsaldean, Falerina, Parral eta Dazz tabernetan, kalejira eta pintxoekin. Hilaren 24an, berriz, Jesus Ibañez Matauco antzokian Ilargiaren alabak taula gainera eramango dute. Azkenik, 27an mintza-ibilaldia egingo dute, Zabalganeko basoan. Izena emateko beharrezko informazioa www.geuelkartea.eus webgunean aurki daiteke. Behin izena emanda eta 26 euroko kuota ordainduta, antolatzaileek taldea adostuko dute mintzalagun berriekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago