Gasteizko Mercedes enpresako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak bilera egin dute astelehen honetan faktoriaren egoera aztertzeko. Aurten 33 egunez gelditu behar izan dute ekoizpena, malgutasun neurriei helduta, eta aldi baterako lan erregulazioa saihesteko. Bileraren ondoren, ohartarazi dute azaroan egun batzuetako produkzio geldialdia egingo dutela, malgutasun poltsatik tiratuz. Printzipioz, ez da neurri gehigarririk aurreikusten.
Lantegiak beste bi geldialdi ere baditu iragarrita, urriaren 11n eta 18an, furgoneten eskariaren jaitsierara egokitzeko. Gabonetan ere geldialdia dago aurreikusita: 2024ko abenduaren 19an amaituko da ekoizpena, goizeko txandaren ondoren, eta lanari 2025eko urtarrilaren 13an berrekingo diote, ezustekorik gertatzen ez bada.
Testuinguru "zaila"
2025eko ekoizpen programaren aldaketei elkarrekin aurre egiteko "adostasunak lortzeko" asmoz hasi dituzte elkarrizketak zuzendaritzak eta sindikatuek. Hainbat gai daude mahai gainean: lan ereduen alternatibak, hiru txandatatik bi txandatara igarotzea, urtarrileko ordu kontuen egoera, poltsak negatiboan daudenean atsedenaldien aukera, geldialdi teknikoak, eta abar. Asteleheneko bilera 2025ean izango duten egoerari buruz hausnarketa hasteko ere baliatu dute.
Zuzendaritzak eta langileen batzordeak azaldu dutenez, automobilgintzaren munduarentzat "oso zaila" den testuinguruan, "merkatuak ahuldu eta oztopo komertzialak areagotzen ari den honetan", Gasteizko fabrikak "etorkizunari indartsu heltzeko aukera dauka" furgoneta elektrikoaren (AN-EA plataforma) proiektuari esker. "Zorionez, Mercedes-Benz taldearen lantegietako bat gara, eta aukera dugu une hau formazioa areagotzeko eta gure proiektua eta etorkizuna ziurtatzeko aprobetxatzeko, enpleguari eragiten ez dioten neurrien bidez", azpimarratu dute. Mercedes-Benz taldeak mila milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egingo ditu AN-EA plataforman oinarritutako eredu berria kaleratzeko.