Udal administrazioarekin bideokonferentzia bitartez hainbat izapide egiteko aukera zabalduko du Gasteizko Udalak, zeregin horretara bideratutako zerbitzua kontratatzeko lizitazioa martxan jarri baitu, 17.000 euroko aurrekontuarekin.
Hala, "hainbat gailutatik" udalarekin harremanetan jarri ahalko dira herritarrak, eta artatutako pertsonek aukera izango dute online beren buruak identifikatzeko, bai eta agiriak aurkezteko ere. Modu berean, agiriak edo erreklamazioak sinatzeko aukera izango dute gasteiztarrek.
Bideodeiak egiteko interfazea "irisgarria eta intuitiboa" izan beharko da, eta aukera eman beharko deia partekatzeko, hondo birtualak izateko eta txat bidezko komunikazioa ahalbidetzeko. Lizitazioaren arabera, San Martingo udal bulegoetatik hiritarrak artzatzen dituzten hogei udal langileek aukera izan beharko dute zerbitzua erabiltzeko, baina aldi berean bi zerbitzu baino ez dira emango.
Agiriak aurreratu duenez, erabiltzaileek aldez aurretik hartu beharko dute hitzordua, bai web bidez zein 010 telefonotik. Hitzartutako egunean, erabiltzaileak bideo deirako lotura jasoko du, "ahal dela posta elektronikoan". Behin espazio pribatu batera agiriak bidali ondoren, bideo deia abiatuko dute, eta erabiltzailea identifikatzeko eta agiri trukaketa egiaztatzeko aukera egongo da. Ohartarazi dute udalak bideo dei hori grabatuko duela, eta erabiltzailearen IPa gordeko dutela. "Identifikazio prozesua zuzeneko artatzean egiten den modu berean egingo da, baina interesekoa izango da sistemak identifikatzeko beste moduren bat izatea ere", azaldu du lizitazio agiriak.
Sinatzerakoan, Izenpe zerbitzua erabiliko da, edo "ziurtagiria behar ez duen sinatzeko beste modu batean", azaldu du lizitazioaren dokumentazioak, horretan gehiago sakondu gabe