Hiru gizonezko atxilotu ditu asteburuan Gasteizko udaltzaingoak, genero indarkeriaren eremuan egindako delituengatik. Babes agindua urratzeagatik eta agenteei desobeditzeagatik eta kalteak eragiteagatik, poliziek 20 urteko gazte bat atxilotu zuten larunbat arratsaldean, Sansomendi auzoko etxebizitza batean. Biktimaren amak ohartarazi zuen polizia, eta patruila bat bertaratu zenean, gizona etxe horretako atearen aurrean aurkitu zuen. Udaltzaingoaren arabera, identifikatzera joan zenean, gaztea ihesi atera zen, eta agenteek atzetik jarraitu behar izan zioten garaje baten barruan geldiarazi arte. Bertan ezkutatzen saiatu zen, aktiboki aurre egin zien, eta borrokan hasi zen, eta agenteetako bati erlojua apurtu zion.
Igandean goizean, berriz, udaltzainek 28 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, bikotekideari eraso egitea egotzita. Hiriko erdigunetik ibilgailu ofizial batean zaintza lanak egiten ari zen patruila batek, Loma Jeneralaren plazatik igarotzean, bikote bat ikusi zuen eztabaida bizian; une jakin batean, gizonak indarrez bultzatu zuen emakumea, eta bizkarrez lurrera erori zen. Gertatutakoa ikusita, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu zuten.
Halaber, bikotekideari eraso egitea egotzita, igande arratsaldean, 26 urteko gizon bat atxilotu zuten. 092 zenbakira egindako dei batek Abetxuku auzoko etxebizitza batean poliziaren presentzia eskatu zuen, gizon batek emazteari eraso egin omen ziolako. Lekukoekin hitz egin ostean, eta biktimaren markak ikusi ondoren, gizonezkoa atxilotu zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.