Udalaren kirol jarduerak hasi aurreko egunean, udaletxe parean elkartu dira Disport Eki azpikontratatutako enpresako langileak, egoera salatzeko. Aurreko ikasturteko gatazkaren mendeku gisa salatu dituzte enpresak hartutako zenbait neurri, hala nola, borrokan aktibo egondako langile bat kaleratu izana eta abuztuko nomina ordainketa atzeratu izana hainbat langileri, haien artean ELAko hiru ordezkari. Erabaki hauen helburua "langileen artean beldurra zabaltzea" dela ohartarazi dute, baina elkar defendatzeko beharra aldarrikatu dute berriz.
Kaleratutako langilea berriz kontratatzeko exijitu diote Disport enpresari. Hala ere, ez dute uste enpresarekin egoera hobetzeko aukerarik dagoenik, azken urteetako harremana kontuan hartuta. "Disport kanpora" izan da agerraldiko lelo nagusia; enpresa kanporatzeko exijitu diote udalari. Era berean, adierazi dute konponbidea ez dela azpikontratatutako beste enpresa batekin ordezkatzea oraingoa. Arazoa zerbitzu publikoak azpikontratatzeak berak sortzen duela salatu dute.
Disport Ekiren "historia luzea"
Uda aurretik hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen Disport Eki, likidezia faltagatik. Egoera hartan, langileen soldatek lehentasuna izango zutela jakinarazi zuten, baina ez da hala izan kasu guztietan. Langile borrokaren aurkako zigor gisa ulertu dituzte enpresaren neurriak. Disportek lehenago ere urratu izan ditu langileen eskubideak, hilabete askotan atzeratu ditu langileen ordainketak: 2022an sei hilabetetan ordaindu zien berandu langileei, 2023an bederatzi aldiz, eta 2024an beste bederatzi hilabetetan jaso zituzten ordainketak atzeratuta.
Bestelako arazoak ere izan ditu Disport enpresak, eta langileek gogorarazi dute haiek eta udalak ere ezagutzen dutela enpresako arduradunaren "historia luzea". Duela hiru urte salaketa bat jaso zuen arduradunak, LABeko ordezkari bat bultzatu, iraindu eta mehatxatzeagatik.