Ehungintzako eta oinetakoen langileek zortzigarren greba eguna egin dute iragan larunbatean, hitzarmen probintziala aldarrikatzeko. "Dozenaka denda itxi dituzte Araba osoan, aurreko zazpi deialdietan gertatu den bezala", esan du ELAk. Urriaren 1ean, ehungintzako eta oinetakoen merkataritza kate handien lehen estatu hitzarmena negoziatzeko bilera egingo da Madrilen. Mobilizazioa egingo dute berriz ere langileek Gasteizen, 11:00etan, hitzarmen propioa aldarrikatzeko.
Sindikatuak azaldu duenez, sektoreko enpresa handien ARTE patronala marka handien estatuko lehen hitzarmenaren negoziazioa defendatzen ari da; ELAk, aldiz, Arabako komertzioak estatuko hitzarmen horren eremutik kanpo egotea nahi du. Izan ere, azaldu dutenez, "ARTE patronalaren estatu hitzarmena Araban aplikatzearekin, borroka sindikalaren ondorioz sortutako lan baldintzak ez ezik, probintzia hitzarmenen negoziazioa bera ere jokoan dago".
Sindikatuak azpimarratu duenez, mobilizazioekin aurrera jarraituko dute sektoreko Arabako langileek ARTEk estatuko hitzarmenetik kanpo uzten dituen arte. "ELAk uda baino lehen negoziazioak izan zituen ARTE patronalarekin (Inditex, H & M, Mango, Tendam Retail, Kiabi eta Primark, besteak beste), eta blokeoa gaindituko zela zirudienean, azken unean, enpresek atzera egin zuten".