Azaroaren 10era bitarte, Montehermoso kulturuneko lehen solairuko aretoan, Dorleta Ortiz de Elgea artista gasteiztarraren Koadro habitatuak erakusketa egongo da ikusgai. Gaur, 19:00etan, inauguratuko dute erakusketa. Ortiz de Elgeak pinturarekin hiru hamarkadatan izan duen harremana erakutsiko du bilduma honetan.
Dorleta Ortiz de Elgea hirian oso errotuta dagoen artista da. Gasteizen jaio eta giro artistiko eta intelektualean hazi zen. Izan ere, artearekiko bere harremana oso gaztetan hasi zen, aitaren, Carmelo Ortiz de Elgea pintore entzutetsuaren, eragina zela eta. Arte eta Ofizioen Eskolan ikasi zuen arren, pintore gisa izan duen prestakuntza batez ere autodidakta izan da. Era berean, familiako estudioan, artistaz eta obraz inguratuta, izandako esperientzia ezinbestekoa izan zen bere garapenean.
Hainbat erakusketa egin ditu, banaka zein taldean, hiri askotan: Gasteiz, Bilbo, Madril, Bucarest eta San Frantziskon, adibidez, baina baita Euskal Herriko gune garrantzitsuetan ere (Durangoko Museoan edo Tolosako Aranburu Jauregian, adibidez). Gainera, Detritus Aranburu pintoreak ilustratutako Un Cadáver Delicioso kontakizun gotikoaren egilea da. Bestalde, orain gutxi Betagarri argitaletxearen eskutik, Estampas y palabras liburua kaleratu du gure lurraldeko 21 artista garaikideren profila ezagutzera emateko.