Etxerako janaria eta menu bereziak aparte kontratatuko ditu Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2024ko ira. 27a, 12:50

San Prudentzioko adinekoen erresidentzia. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Orain arte San Prudentzioko Adinekoei Laguntzeko Zentro Integralean prestatzen zituzten otorduak.

Gasteizko Udalak aparteko kontratu bat egingo du etxez etxeko janaria eta dietetika-nutrizio premia zehatzak eta alergiak edo intolerantziak dituzten pertsonentzat menu bereziak prestatzeko. Urteko aurrekontua 941.255,70 eurokoa izango da. Aurrez ikusitakoaren arabera, 2025eko urtarrilean hasi eta gaur egungo baldintza berberetan eskainiko da.

Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok azaldu duenez, adinekoentzako jantokien sarea eta eguneko arreta-zerbitzu berriak zabaldu direnez, menuen ekoizpena handitzeko beharra ikusi da. Gaur, San Prudentzioko Adinekoei Laguntzeko Zentro Integralean, 1.200 otordu eta guztira 1.800 menu (BIZAneko gosariak, askariak eta afariak barne) prestatzen dituzte. Menu horiek adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuetan (Blas de Otero, Beato eta Berpizkundea), adinekoentzako jantokietan, harrera sozialeko udal zentroan eta etxerako janari zerbitzuan zerbitzatzen dituzte.

Halere, Royeroren arabera, etxez etxeko janaria eta menu bereziak egiteko eremu espezifikoa behar da, sukaldeko gainerako eremuetatik fisikoki isolatua. "Baldintza horiek ezin dira San Prudentzioko Adinekoei Laguntzeko Zentro Integraleko sukalde nagusiko egungo instalazioetan bete eta, horrenbestez, zerbitzua kasu guztietan baldintza egokitan eskaintzen dela bermatzeko, beharrezkoa izan da kontratazio honetara jotzea”, azaldu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago