Lurpeko aparkalekuen informazioa hobetuko du Gasteizko Udalak, panel berrien bidez

Erredakzioa 2024ko ira. 27a, 12:20

Europa biltzar etxeko aparkalekua. Argazkia:ALEA

Guztira, 19 panel berri instalatuko dira, aparkalekuen okupazio maila adierazteaz gainera, beste informazio erabilgarri batzuk erakusteko aukera ere ematen dutenak.

Lurpeko aparkalekuetara sartzeko panel digitalen informazio sistema berria martxan jarriko du Gasteizko Udalak hurrengo urtean. Guztira, 19 panel berri instalatuko dira, aparkalekuen okupazio maila adierazteaz gainera, beste informazio erabilgarri batzuk erakusteko aukera ere ematen dutenak: zirkulazioko gorabeherak, erdigunera sartzeko murrizketak, ekitaldiek eragindako desbideratzeak eta abar. Gainera, ordua, data edo eguraldiaren iragarpena erakusteko widgetak (eduki adimendunak) ere onartzen dituzte. 

Panel haietako bosten neurriak besteenak baino handiagoak dira, eta hirira sartzen diren ibilgailuak orientatzeko estrategikoak diren bost tokitan jarriko dituzte: Forondako Atean, Gamarrako Atean, Armentia Gainean, Brusela hiribidean eta Esmaltaciones inguruko biribilgunean.

Gainerako panelak erdigunetik gertuago eta aparkaleku nagusietatik hurbil egongo dira: Juan Garai, Arana, Santiago Ospitalea, Arriagako Atea eta Santo Domingo arteko elkargunea (2 panel), Karlos I.a plaza, Bake kalea eta Olagibel kalea arteko elkargunea, Errioxa, Jesus Guridi, Florida, Lovaina, Ramon y Cajal, Santiago eta Jose Mardones kaleen arteko elkargunea eta Euskal Herria bulebarra.

Tech Friendly SL enpresari esleitu diote orain arte abian egon diren adierazleak berritu eta handitzeko kontratua 238.617 euroko balioaren truke (BEZa barne). Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago