Gasteizko udal liburutegietako eskaintza berria aurkeztu du Kultura zinegotziak, eta dozenaka jarduera iragarri ditu datozen hilabeteetarako. Irakurketa familian, euskal literaturarentzako espazioak, Ruper Ordorika eta Garazi Arrularen bisitak eta liburuak trukatzeko azoka antolatu dituzte, besteak beste.
Udal liburutegien programa ekimen arrakastatsua dela adierazi du Sonia Diaz de Corcuera zinegotziak, "bai kalitatearengatik, bai gasteiztarrengan sortzen duen erantzunagatik". Izan ere, azken urteetan 3.000 pertsonatik gora hurbildu dira liburutegietako jardueretara.
Haurrentzako euskarazko irakurketa kluba nabarmentzeko modukoa da, irakurketa familian izenekoa. Zortzi eta bederatzi urteko haurrek Zabalganan izango dute irakurzaletasuna sustatzeko aukera, liburu, ipuin, abesti, poesia eta familiako jokoen bidez.
Idazteaz beste ekimenak, bestalde, euskal literaturarentzako gune propioa sortuko du, "euskarazko elkarrizketa informalen formatuan". Iaz arrakastatsua izan zen jarduera, eta euskal kulturako izen handiak izango dira aurten Gasteizen.
Urriaren 16an, 19:00etan, Ruper Ordorika izango da Lakuan, bere letrei buruz eta literaturarekin izandako harremanari buruz hizketan. Azaroaren 6an, 19:00etan, Garazi Arrula Ruiz eta Iñigo Astiz ipuin liburuen idazleak izango dira Aldaben, euskal ipuingintzan murgiltzeko, sorkuntza prozesuez eta idazketaz hitz egiten.
Ekimen hauez gain, abendura bitartean ipuin kontalariak, kontzertuak, tailerrak, antzerkiak, hitzaldiak, bakarrizketak, poesia errezitaldiak eta liburuen aurkezpenak antolatu dituzte. Hemen ikus daiteke udal liburutegi sarearen programazioa.
Liburu truke azoka
Urriaren 19an eta 20an Iradier Arena hartuko dute liburuek eta literaturak, truke azokaren XIV. edizioan. Pertsona bakoitzak bost liburu, komiki edo ipuin trukatu ahal izango ditu gehienez, "etxeko liburutegia berritzeko". Bertaratzen direnek eramandakoez gain, liburutegi sareak 5.000 liburu baino gehiago jarriko ditu trukerako eskuragarri. Trukeez gain, tailerrak, ikuskizunak eta musika ere izango dira Iradier Arenan.