Bueltan da Jazz Uhinak jaialdia, urritik maiatzera bitartean eskainiko dituen zortzi kontzertukoekin. Guztiak Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian izango dira, 19:00etan.
Programazioa Fred Herschen hitzordu bikoitz batekin hasiko da. Lehenengoa, musikariarekin topaketa intimoa izango da, urriaren 30ean, 19:00etan, Kora Living hotelean. Esperientzia esklusibo horri esker, pertsona talde txiki bat jazz garaikideko pianista eta konpositorearen sormen-munduan sartu ahal izango da, eta gertuko elkarrizketa batez gozatu ahal izango du. Saio horren ondoren, Silent, listening azken albuma aurkeztuko du kontzertuan. Hurrengo egunean izango da, urriaren 31n (osteguna).
Carmen Souzaren ahotsa izango da Jazz Uhinak programan hurrengoa. Azaroaren 19an Port’ Inglês azken lana aurkeztuko du. Europan arrakasta gehien duen jazz abeslarietako bat da Souza, World Jazz etiketarekin lengoaia berri bat sortzea bilatzen duen estilo bereziarekin.
Joyful Gospel Choir abenduan
Abenduan, 17an, Joyful Gospel Choiren txanda izango da. Abesbatza hau 45 profesionalek osatzen dute abeslari eta musikarien artean eta gospel garaikidearen ordezkaria da. Talde hori, talentuagatik eta grinagatik ez ezik, gizartean duen inpaktuagatik ere nabarmentzen da, antolatzaileek azaldu dutenez, musikaren bidez bazterketa arriskuan dauden pertsonen parte hartzea bultzatzen baitu.
Urtarrilaren 21ean Estela Julia Sextet iritsiko da Gasteizera. Estela Julia abeslari, biolontxelo jotzaile, dantzari eta konpositoreak bere estiloa sortu du jazza, hip-hopa, latina, popa, flamenkoa eta folklorea uztartuz. Musika propioa, Quien soy estreinako diskoan islatzen dena. Bilduma horrek ibilbide oparoaren hasiera markatzen du eta euskal hiriburuan aurkeztuko du.
Otsailaren 18an eta martxoaren 25ean, berriz, prestakuntzarako jardunaldiak iritsiko dira Jesus Guridi kontserbatorioko eta Luis Aranburu udal musika eskolako ikasleekin. Combotan eta big bandetan egingo dute lan.
Apirilaren 29an Jessica Pina Trioren kontzertuekin jarraituko dute. Tronpeta-jotzailea musikaren panorama birdefinitzen ari da, tradizioa eta berrikuntza nahasten dituen estilo batekin.