2013ko irailean sartu ziren lehen okupak Errekaleor auzoan. Ordutik asko hazi da Errekaleor Bizirik proiektuaren komunitatea, eta hor jarraitzen du oraindik, Gasteizko hego-ekialdean gotortuta. Hamaikagarren urteurrena ospatuko dute asteburu honetan, irailaren 27, 28 eta 29an.
11 bizitzeko jaioak da aurten hautatu duten leloa. Ez dira gutxi hamaika urteotan bizi izan dituztenak. 2017an udalak argia moztu zienetik eguzki plaken bidez hornitzen dute auzoko argindarra. Askotariko erasoak kudeatu behar izan dituzte auzokideek, barnetik zein kanpotik etorritakoak, eta bidean ikasitakoa hainbatetan goraipatu izan dute Errekaleorreko kideek. Askok izango dute gogoan Animalien Askapenerako Fronteak auzoko oiloak askatu edo lapurtu zituenekoa, edo Berri Txarrak taldeak kontzertua eman zuenekoa Errekaleorreko errepidean bertan, auzoari babes ematera hurbildutako 10.000 pertsonaren aurrean.
Gorabehera guztien gainetik, bizirik dirau Euskal Herriko okupazio proiektu handienak. Javier Maroto joan zen, Gorka Urtaranen bi legegintzaldiak ere igaro dira, eta Maider Etxebarriarekin lehian dabiltza orain. Aurrekoek bezala, alkate berriak ere mehatxua egina die okupei, bota egingo dituztela. Baina urteak joan eta urteak etorri, zutik diraute langile auzo honetako etxeek.
Errekaleortarrek, hamaikagarren urteurrena ospatzeko, gogoan izan dituzte auzoaren bidaide izan diren kolektiboak, eta haiekin batera hasiko dute urte berria. Larunbatean, 11:00etan, hamaika kolektibo gonbidatuko dituzte, hamaika zuhaitz landatzeko. Hala irudikatuko dute haien zuhaitza ez dagoela bakarrik, basoan dagoelako dirauela zutik, "zuhaitz gehiagori lotuta, elkar babesten". Hala Bedi irratia, Auzoan Bizi etxebizitza sarea eta Herrizoma elikadura sarea izango dira haiekin larunbatean, besteak beste. Datozen urteetan basoak hazten jarraituko duela aurreratu dute.
Hiru eguneko egitaraua
Irailaren 27an hasiko da egitaraua, ostiralez, eta igande arratsaldera arte iraungo du. Bertan afaltzeko aukera eskainiko dute auzokideek, inora joan behar ez izateko.
Ostirala 27
18:00 Bisita gidatua auzoan zehar, auzoko sarreran hasita.
19:00 Korta, askatasun haizea dokumentalaren proiekzioa.
21:00 Gudariei omenaldia, Gudari Egunaren harira.
22:00 Kontzertuak: Galbaie, Bloñ eta Nekktar taldeak.
Larunbata 28
11:00 Hamaiketakoa + Urteurren ekitaldia
12:00 Madduki ipuin kontalaria
12:00 Palestinarekin Elkartasuna, Gaztetxean.
13:00 Marianitada + Buruhandi eta erraldoiak Arai konpartsarekin.
15:00 Bazkaria.
18:00 Ane Lindaneren bakarrizketa.
19:30 Utopias y otras especies proiekzioa.
20:30 Kontzertuak: Benizze X LaMiaMari, Pluk, Warsaw, Zinez, Naxker eta DJ Eromena.
Igandea 29
18:30 Solasaldi musikatua, Olatz Salvador eta Karmele Jaiorekin.