Gasteizen kontsumo arduratsua egiteko mapa

Erredakzioa 2024ko ira. 25a, 09:58

Establezimendu arduratsuak topatzeko mapa. Argazkia: Zentzuz sarea

Bidezko merkataritzarekin eta kontsumo arduratsuarekin konpromisoa duten 100 establezimendu baino gehiago biltzen ditu 'Mapazentzuz' ekimenak.

SETEM Hego Haizea, Medicus Mundi Araba eta Bide Bidean elkarteek osatzen dute Gasteizko bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsuaren sarea. Herritarrei zentzuz kontsumitzeko hautua errazte aldera, mapa bat egin dute, konpromisoa hartua duten establezimenduak erraz identifikatzeko.

Lehen paperean zabaltzen zen establezimenduen zerrenda, baina orain, Gasteizko Udalaren laguntzaz, internet bidez jarri dute eskuragarri, eta edozein gailutatik sartu daiteke Zentzuz webgunera.

Bertan aurkitu daiteke Gasteizko establezimenduen mapa, izan elikadura, artisautza edo ehungintza arloko dendak, konponketa tailerrak edota kafetegiak. Establezimendu guztiek betetzen dituzte ezarritako baldintzak, noski. Gizarte eta ingurumen baldintzak dira, ekonomia sozial eta solidariokoak izatea, bidezko merkataritzako produktuak izatea, ekologikoak eta tokikoak eskaintzea, apustua egitea birziklatzearen eta teknologia askeen alde, eta baita hondakinen murrizketa sustatzea ere.

Mapa zabaltzeko proposamenak jasotzeko prest

Kontsumo arduratsua egiteko zerrenda etengabe eguneratzen dute, eta prest daude saltoki berriak sartzeko. Horretarako, Zentzuz elkartearekin harremanetan jarri beharra dago zentzuz@consumoresponsable.info helbide elektronikoaren bidez. Aipatutako irizpideak betetzekotan, webgunean gehituko dute establezimendu berria.

Ana Lopez de Uralde Gasteizko Garapenerako Lankidetzarako zinegotziak azaldu du "establezimendu horiek tokiko ekonomia indartzearen alde" egiten dutela, baita "planetarekiko eta ekoizleen eta ekoizpen kate osoaren eskubideekiko" errespetua sustatu ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago