Astegietatik Mendozara doan A-3302 errepidean, Zalla ibaiaren gainean eraikitzen ari den zubiaren zimenduetan pitzadurak agertu dira, EH Bilduk Batzar Nagusietan gaur aurkeztu duen galdera baten arabera.
Bertan azaltzen denez, lehen pitzadurak uztailean agertu ziren, eta horien gainean hainbat lekuko jarri zituzten, "pitzadurak itxi ote ziren edo hedatzen jarraitzen ote zuten neurtzeko". Talde parlamentarioak Jon Nogales Mugikortasun foru diputatuari helarazitako galderan zehaztutakoaren arabera, "badirudi irailean pitzadurek bere horretan jarraitzen dutela".
EH Bildu kezkak agertu du gaiaren bueltan, eta diputatuari galdetu dio ea jakinaren gainean dagoen, eta, egotekotan, zer neurri hartuko dituen. "Zubi bati eusten dion egituraz ari gara, eta bertatik ibilgailu asko ibiliko dira, pisu handiko ibilgailuak barne, hala nola nekazaritza sektorekoak edo etorkizuneko VIAP poligonoari lotutako merkantzia garraiokoak". Talde abertzalearen aburuz, "horrek kezka areagotzen du" ea zubiak "eraikuntza berme guztiak betetzen dituen".