Herrandarren kaleko ingurua bulebar berria bihurtzeko lanak direla eta, irailaren 23tik, astelehenetik, aurrera, Done Jakue hiribidea moztu beharko da Jose Mardonesen eta Herrandarren kaleen artean. Egun horretatik aurrera, bidea zirkulaziorako itxita egongo da eta Herrandarren kalera iritsi nahi duten ibilgailuek Jose Mardones eta Urriaren Hamabiaren kaleetatik desbideratu beharko dute.
Zirkulazioan egingo den aldaketa berri horri esker, proiektuaz arduratuko den enpresak AMVISA berritzen ari den kolektoreko erregistro kamera eraiki ahal izango du. Bestalde, udal sareen kanalizazioa ere egin ahal izango du.
Mozketak zortzi aste inguruko iraupena izango du. Gainera, denbora tarte berean, eta oraindik ere zehaztu gabe dagoen datan, bi astez moztuko dute Herrandarren eta Frantzia kaleen arteko Done Jakue hiribideko tartea. Frantziara iristeko, Askatasun kalea erabili beharko da.
Proiektuaren inbertsioa 12 milioi eurokoa izango da eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Bioaniztasuna Fundazioaren laguntza jaso du Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsekin finantzatutako Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan.
Udalaren webgunean topa daiteke proiektuari buruzko informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/losherranberria.