CEVA Logistics SLren langileen batzordeak enpresaren barneko jazarpen protokoloa irekitzea erabaki du, eta Lan Ikuskaritzaren aurrean salatu du zuzendaritza. Langileen batzordean gehiengoa duen ELA sindikatuak ohar batean adierazi duenez, "jarrera antisindikala izan du zuzendaritza berriak hasieratik; eta batzordeko kideekiko errespetu falta etengabea izan da, plantillaren aurrean ekintza sindikala deslegitimatzeko asmoz".
ELAren esanetan, Mercedes Benz lantokiko logistikak ez du ekintza sindikala errespetatzen, "eta batzordearen kontrol gaitasuna mugatzen saiatzen da, informazioa ukatuz eta zuzenean batzordeko kideen duintasuna urratuz".
2022an aldatu zuten CEVA Logisticsen zuzendaritza, eta sindikatuak dioenez, hasieratik "erasoak" jasan dituzte langileen ordezkariek zuzendaritzaren aldetik. "Batzordearen eta enpresaren arteko bileretan jasotako tratua onargaitza izan da, langileen ordezkariak pertsonalki erasotuta sentitu baitira", esan du ELAk. Egoera enpresako zuzendaritzari azaldu zaion arren, "ez da horri buruzko neurririk hartu", sindikatuaren aburuz. Are gehiago, giza baliabideetako arduradunek "langile batzordearen eskubideak eta eskumen sindikalak murriztea helburu duen dokumentu bat" mahai gainean jarri dutela azaldu du ELAk. "Dokumentu horren helburu bakarra da batzordearen eskubide eta eskumen sindikalak murriztea, informazio sindikala zabaltzeko gaitasuna mugatzeko". Gainera, batzordeko kideen aurka zigorrak ezartzeko mehatxuak egin direla esan du ELAk, "dokumentuan adierazitako jarraibide berriak errespetatzen ez badira".
Egoera hori kontuan hartuta, eta gerentziaren eta langileen ordezkari baten arteko azken gertakaria dela eta, "neurri larriagoak" hartzea erabaki du langileen batzordeak, hala nola, enpresaren barneko jazarpen protokoloa irekitzea, Lan Ikuskaritzara joatea eta "egoera jasanezina" publiko egitea.