10 eta 50 litroko bi milioi poltsa konpostagarri doan banatzeari ekingo dio Gasteizeko Udalak bihartik aurrera, edukiontzi marroian botatako hondakin organikoen "birziklatze tasa hobetzeko".
Pascual Borjarena Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, Poltsarekin errazago lelopeko kanpainaren bitartez lortu nahi dute herritarrak "eragile garrantzitsu" izan daitezela hondakin organikoen bilketan. Helburu horretara ere hurbildu nahi dute merkataritza sektorea.
Hamahiru gizarte etxeetan jaso ahalko dira poltsak: : Abetxuku, Aldabe, Arriaga, Pilar, Ibaiondo, Hegoalde, Iparralde, Judimendi, Lakua, Landatxo, Salburua eta Zabalgana. Gaurtik aurrera, horietan Herritarren Udal Txartela erakutsita, 30 poltsako 3 biribilki emango zaizkie herritarrei. Udalak dio horiekin etxean lau hilabetez hondakin organikoak bildu ahalko direla. Behin epe hori pasata, beste zabor poltsa sorta bat jaso ahalko da, prozedura berdina eginez.
Ekoizle handien, saltokien eta ostalaritzaren kasuan, hogei poltsako bost biribilki emango zaizkie, hiru hilabete eta erdiz hondakinak jasotzeko. Orotara, sektore honetarako 120.000 poltsa banatzeko asmoa dute.
Ekimenarekin batera, informazio kanpaina "indartsu" bat hasiko dutela iragarri du Borjarenak, "toki guztietan ikusteko modukoa". Besteak beste, abenduaren 13ra arte ingurumen monitoreak izango dira gizarte etxeetan, zalantzak argitzeko.