Datorren ostegunean, irailaren 26an, komunikazio bitartekarien EAEko lehenengo topaketa antolatu dute Gasteizen, Francisco de Vitoria institutuan. Institutu horretan ikasten dute lanbide heziketako gradua hainbat ikaslek, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste ikasleekin elkartzeko helburuarekin antolatu dute ekimena.
Komunikazio bitartekarien lana ez da oso ezaguna, diotenez, eta profil profesional horren ezagutza sustatzeko asmoz ere antolatu dute eguna. Sindikatuak, elkarteak eta Hezkuntza Saileko ordezkariak ere gonbidatu dituzte topaketetara. 10:00etatik arituko dira Francisco de Vitoria Institutuko Areto Nagusian.
Komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiteko trebatzen dira komunikazio bitartekariak, izan gor-itsuekin, entzumen urritasuna dutenekin eta hizkuntza edo mintzamen nahasmenduak dituztenekin. Kolektibo horien aukera berdintasuna sustatzen egiten dute lan, askotan komunikazio esku hartze indibidualekin.
Ogibide nahiko berria izanik, tratamendu berezitua eskatzen ari dira komunikazio bitartekariak. Askotan, Hezkuntza Saileko lanpostuen zerrendetan, esaterako, interprete gisa hartzen dituzte, eta aurka agertu izan dira bitartekariak, bi lanbide ezberdin direla argudiatuta. Eskaerak egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari haien prestakuntzaren araberako zerrenda berezituak sortu ditzaten.