1953. urtetik Olagibel kaleko eraikinean armarri frankista bat zegoen paretan, eta kendu egin dute gaur, eraikina zaharberritzeko lanak baliatuta.
Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaria bertaratu egin da armarria kentzen ari ziren bitartean. Francoren diktaduraren aurka eta askatasunaren alde borrokatu ziren gasteiztarrentzat egun garrantzitsua dela adierazi du, hiriaren "memoria demokratikoa" goraipatuz.
Frankismoarekin lotutako ikurrak kentzeko betebeharra ezartzen du memoria historikoaren legeak, baina orain arte kendu gabe zegoen aipatutako armarria. Gasteizen frankismoaren ikur gehiago ere badira oraindik zutik, hala ere. Jose Lejarreta alkate frankistaren omenezko kale bat dago Judimendi auzoan, eta hura kentzeko ere eskatu du Garmendiak. Bestalde, Katedral berrian bada beste ikur frankista bat, baina, kendu ez badute ere, urteak daramatza oihal batez estalita.