Gasteiztarren %75ek bizikleta dute

Erredakzioa 2024ko ira. 17a, 17:18

Bizikletak Gasteizko hiri erdian. Argazkia: ALEA

Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (IGI) emandako datuen arabera, batez ere 29 urtez azpiko gizonezkoek erabiltzen dute bizikleta.

Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (IGI) hiriburuan bizikletaz eta patinetez mugitzen diren bizilagunen ezaugarriak ezagutzeko txostena prestatu du. Horretarako, bi inkesta presentzial egin dituzte. Lehenengoa 2023ko azaroan egin zuten kalean, eta Gasteizen bizi zirenei, oro har, zuzenduta zegoen. Bigarrena, aldiz, 2024ko maiatzean eta ekainean egin zen, eta joan-etorrietarako bizikleta edo patinetea erabiltzen dutenekin jarri ziren harremanetan.

Txostenean jaso dutenez, Gasteizen bizi direnen %75ek bizikleta dute (%71,3k bizikleta konbentzionala, eta %3,6k elektrikoa); eta herritarren %6,3k patinetea. Bizikleta erabiltzeko maiztasunari dagokionez, Gasteizko helduen %21,8k erabiltzen dute gutxienez astean behin. Patineteari dagokionez, aldiz, adierazle hori %2,8koa baino ez da.

Horrekin lotuta, IGIk azpimarratu du bizikletaren eta patinetearen erabilera handiagoa dela gazteenen artean. Batez ere 29 urtez azpikoek erabiltzen dute bizikleta, eta gehienbat gizonezkoek.

Bizikleta eta patinetea erabiltzeko motibazio nagusiak ingurumen inpaktua, malgutasuna eta kostua dira eta, patinetearen kasuan, mugitzeko independentzia ere aipatzen dute inkesta erantzun dutenek. Aipatzekoa da, era berean, patinete elektrikoak protagonismoa hartzen duen arren, gasteiztar kopuru gero eta handiagoarentzat konponbide oso erakargarria delako, erabilera horrek oinez eta garraio publikoan egindako bidaia kopuruan izan duela eragina (erabiltzaile horien kopuruak gutxitu ditu), eta ez hainbeste auto partikularraren erabileran.

"Alderdi horiek ezagutu nahi genituen, eta patinete elektrikoa agertu izanak zer inpaktu izan duen, bizikletarekin zer bizikidetza mota duen eta mugikortasun ohiturak aldarazi dituen jakin nahi genuen. Gero, hori guztia oinarritzat hartuta, estrategiak lerrokatzeko eta berriro zuzentzeko estrategia eraginkorrena topatu nahi dugu", azaldu du Borja Rodriguez IGIren presidenteak.

Garraio publikoa erabiltzen du %65ek

Halaber, IGIko arduradunak azpimarratu duen beste datu bat multimodalitatearekin lotutakoa da. Autoa gidatzen dutenen artean, %23k autobusa ere erabiltzen du; %19k bizikleta ere erabiltzen dute joan-etorrietarako, eta %15ek tranbian bidaiatzen dute.

Azterketan irakur daitekeenez, gainera, gasteiztarren %75 oinez mugitzen dira, % 20 bizikletaz, eta %2 patinetez. Era berean, Arabako hiriburuan bizi direnen %65ek erabiltzen dute garraio publikoa; %40k autobusa eta BEI erabiltzen ditu, eta% 25ek tranbia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago