BEIko gidari batek jasandako erasoaren aurka bildu dira Tuvisako langileak

Erredakzioa 2024ko ira. 17a, 15:40

Kontzentrazioa egin dute goizean Tuvisako langileek. Argazkia: @info_Tuvisa_LAB

Gazte batek gidariari eraso egin zion iragan asteartean. Lankideek erabateko gaitzespena adierazi dute, eta neurriak eskatu dizkiote zuzendaritzari.

Tuvisako enpresa batzordeak deituta, kontzentrazioa egin dute goizean langileek, BEIren Boulevardeko geltokiaren aurrean. Iragan asteartean, BEIko langile batek jasan zuen erasoa salatu dute elkarretaratzean, eta "indarkeriazko jokabide horien erabateko gaitzespena" adierazi dute.

Enpresa batzordeak aurreko astean kaleratu zuen agirian eskatu dio zuzendaritzari "erasotzailearen aurka legez jarduteko, dagokion salaketa jartzeko eta, bere betebeharra den bezala, erasoa jasan duen langilearen zein udal-sozietatearen beraren interesak defendatzeko".  Halaber, eraso hauek saihesteko eta babestuago egoteko, manparak jartzeko eskatu du beste behin enpresa batzordeak. "Tamalez, horrelako gertaerek agerian uzten dute erasoak saihesteko neurri eraginkorrak behar direla, hala nola, horretarako homologatutako manparak. Hori aspalditik eskatzen da, eta Tuvisak uko egiten dio horri, metakrilatoei eutsiz", esan dute iragan astean kaleratutako idazkian.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago