Arabako Probintzia Auzitegiak hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati adimen urria duen emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Biktima erasotzailearen orduko bikotekidearen alaba zen. Abuztuaren 26ko epaian jasotzen denez, akusatuak emakumearekin bakarrik geratzen zen aldiak aprobetxatzen zituen sexu erasoa egiteko, biktimaren adimen urritasunaz "erabat jabetuta", eta egoera horretaz "aprobetxatuz". Gainera, sententziaren arabera, amari edo hirugarren pertsonei zerbait kontatzen bazien jotzearekin beldurtzen zuen.
Kartzela zigorraz gain, 15.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio emakumeari, eta hamalau urtez ezin izango da harengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu. Kartzela zigorra betetzen duenean, zaintzapean egongo da beste bost urtez. Gainera, hurrengo hemezortzi urteetan ezingo du adingabeekin lan egin.
Epaitutako erasoak 2021ean jazo ziren. Gizonak 60 urte baino gehiago zituen orduan, eta emakumeak 30 urte baino gehiago, baina talde psikosozialaren txosten baten arabera, "zortzi edo bederatzi urteko adin mentala" zuen. Arabako Auzitegiak emandako epaiaren arabera, gizonak gertakariak ukatu arren, biktimaren testigantza "sinesgarria eta fidagarria" da. Hala, azaldu du emakumea artatu duten psikologoek baztertu egin dutela "abusuen kontaketan fabulazioa" egin duenik. Biktimak auzitegira eraman zuen kontakizunaren barne koherentzia ukaezina dela ebatzi dute epaileek, eta ez duela sinesgaitza ez den ezer kontatu. Halaber, aitortu dute biktimaren kontakizunaren berrespen periferikoak "ez direla asko", baina bai "nahikoak".
Arabako auzitegiaren arabera, egiaztatuta dago akusatuak mehatxuak eta indarkeria fisikoa erabili zituela biktimaren erresistentzia gainditzeko. "Biktimak behin baino gehiagotan adierazi zion ez zuela sexu harremanik izan nahi, eta, hala eta guztiz ere, horretara behartzen zuen". Hala, sexu eraso jarraituak egiteagatik epaitu dute gizona nagusiki, baina beste delitu bat gehitu diote akusazioari. Izan ere, gizonak biktima iraindu egiten zuen, eta irain bidegabeen delitu batengatik 270 euroko isuna erantsi diote zigorrari.
Hala ere, epaia ez da irmoa eta errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian.